Ndank Ndankek bukatu ditu eskolako bi gela eraberritzeko lanak

Arritxu Barruso 2013ko urtarrilaren 23a

Duela gutxira arte Senegaleko Dionewar herriko neska-mutiko askorendako arriskutsua zen eskolara joatea. Sabaia, esaterako, oso egoera kaxkarrean zegoen eta lurzorua berriz, oskolez beteta. Zorionez, egoera horrek erabateko aldaketa izan du hiru hilabeteren buruan eta Bergarako Ndank Ndanka elkarteak zerikusi handia izan du horretan. Senegaldarren lagunen elkarteak Aretxabaletako Udalaren, bazkideen eta herritarren laguntzari esker Dionewarreko eskolako bi ikasgela berritu ahal izan ditu.

Eskolak 320 neska-mutiko inguru hartzen ditu gaur egun. Guztira, hamaika ikasgela ditu eta horietatik sei, herritarrek eurak egokitu zituzten 2012ko lehenengo hiruhilekoan. Beste lau ikasgela bertako nekazaritza batzordeak konponduko ditu. Beraz, bi ikasgela gelditzen ziren konpontzeko finantzazio barik. Horiek dira hain justu ere Ndank Ndank elkarteak konpondu dituenak. Lanoi esker gainera, lotu dute Senegalgo Gobernuak beste bi irakasle ipintzea Dionewarreko eskolan.

Orain komuna eraikiko dute
Bi gelen egokitzapenarekin amaitutzat emango duten proiektuaren lehenengo fasea eta laster bigarrenari ekingo diote. Bergarako Udalak emandako diru-laguntzari esker eskolan komunak eraikiko dituzte. "Gaur egun beharra izanez gero inguruko etxeetara joan beharra izaten dute eta neska-mutiko asko gero ez dira itzultzen eskolara", azaldu du elkarteko Eli Dominguezek.

Martxoa inguruan Dionewarrera joango dira komunen eraikuntza proiektua bideratzera eta baita sortu daitezkeen beste behar batzuk aztertzera ere.

Bergararren erantzun ona
Ndank Ndank elkarteko kideak oso pozik daude urtebetean egindako ibilbidearekin eta baita Udalek eta herritarrek elkarteari egindako harreragatik ere. Eskerrak eman nahi dizkiete orain arteko lana posible egin duten guztiei: "Oso pozik gaude lortutakoagatik eta baita Dionewarren ere. Bergararrek oso ondo hartu gaituzte. Bi kulturek oso ondo egin dute bat eta bide luzea dute egiteko elkarrekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak