Bergarako Udalak Gerriko Berdea ibilbidea prestatu du

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko urtarrilaren 22a

Herria inguratzen du aisialdiguneak, natura eta ondare artistikoa lotuz. 9 km inguru ditu eta oinez zein bizikletaz egin daiteke, Agorrosin Ekintza Gunetik abiatuta.

Gerriko Berdea, marka txuri-berdez markatutako herri-xenda egin du Udalak. Hiru departamenduren, Turismo, Ingurumen eta Kirol departamenduen, elkarlanaren fruitu da. Gerriko Berdearen ibilbideak Bergarako hirigunea inguratzen du, aisialdirako espazioak lotuz eta natura kontserbatzeko eremuak zeharkatuz. Egileek ibilbidearen abiapuntu bezala Agorrosingo ekintza gunea proposatu dute, baina bira horrek hainbat sarbide eta irtenbide ditu. Agorrosin Ekintza Gunean  hasita, San Martzial aldera egiten du ibilbideak; handik, Surragara; hortik, Artzamendira joko da Goiko Estaziñora igotzeko eta Moiua baserri ondotik jaitsita, Agorrosin Ekintza Gunean amaitzen da.

Bederatzi kilometro pasatxo ditu eta ordu eta hiru laurden inguru behar dira bira guztia egiteko. Oinez ez ezik, bizikletan ere egin daiteke: oinez egiteko irteeratik San Martzial aldera jotzeko gomendatzen duten moduan, bizikletaz egiteko, beste aldera, Moiuaratz hartzea gomendatzen dute.

Planoak kaleratu dituzte

Ibilbidea bera ez da berria herritarrendako, baina kanpotik etortzen diren bisitariendako proposamen polita da, herria beste modu batera ezagutzeko aukera eskaintzen duelako. Senderismoko ikurrekin markatu dute; markatze homologatua da, eta ez dago galtzeko biderik. Horrekin batera, biraren hasiera puntuan, Agorrosinen, panela ere jartzekoak ziren egunotan, ibilbidearen gaineko xehetasunekin.

Horrekin batera, Turismo Bulegoan eta Agorrosinen saltzen jarriko dituzten planoak ere atera dituzte, mendian ibiltzeko paper iragazgaitzez egindakoak. Ibilbidearen planoarekin batera, interesguneen gaineko informazioa jasotzen da, euskaraz eta gazteleraz. Udaletik aurreratu dutenez, Smartphone-rako aplikazioa ere prestatzen ari dira eta Turismo Sailak laster izango duen webgune berrian ere egongo da biraren gaineko informazioa –ingelesez eta frantsesez ere bai–.

Martxoan ospatuko den Zuhaitz Egunean inauguratuko dute Gerriko Berdea.

Hiru interes arlo ditu

Udalak antolatutako ibilbideak hiru interes arlo batzen ditu eta kaleratu duten planoak hiru arlo horien gaineko informazioa ere jasotzen du. Goiauzoa eta San Martzial, biodibertsitatea eta ondare historiko artistikoa, hain zuzen.

Esaterako, San Martzialerako bidean aipagarriak dira Askatsuko iturria eta bere inguruetan kontserbatzen den hariztia eta San Martzial baselizaren inguruan atseden lekua eta natura zein lekuko tradizioak ezagutzeko baliabideak daude. Aurrera eginez, baserrien artean, ibilbideak Surragako gurutzera eramango gaitu, ikuspegi panoramiko bikaina eskaintzen duen lekua da hori. Jaitsieran, 200 metrora dagoen Agirreko garaia ikusi ostean, Gabiria dorrera joan eta San Antonio auzora iritsiko gara.

San Antoniotik Ferrocarriles Vascongados trenbideak utzitako bidera igoko gara, ibilbidearen bigarren zatiari ekiteko. Bide eroso eta laua da, eskualdeko paisaien eta herriko kasko historikoaren ikuspegi ederrak gozatzeko aukera ematen duena. Aipagarria da, baita ere, Ugasarri ingurutik kaleraino iristen den basoa. Trenaren geltokia egondako lekura iristean, Moiua jauregirantz jaitsi eta herrira sartuko gara, ibilbidea Agorrosinen amaitzeko. Agorrosinek taberna-jatetxea, igerilekua eta bainuetxea eskaintzen ditu, gure aisialdi eguna borobiltzeko.
Horrez gain, prismatiko batzuen laguntzaz, hegaztiak behatzeko aukera dago ibilbide guztian. Eta gida on batekin, bide bazterreko landare-espezie ugariak ere identifikatu ahal izango dira. Batzuk ohikoak dira; beste batzuk, oso bitxiak. Adibidez, Gogortxua (Viburnum tinus); Mediterraneoko izaera nabarmena duen espeziea izanik, Artzamendin ugari daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak