'Tximeletak', gazte mugimenduen gainean jarduteko aitzakia bikaina

Jon Berezibar 2013ko urtarrilaren 21a

Dokumentala aurkeztu zuten Bergaran barikuan; 130 lagun elkartu ziren giro ezin hobean.

Egubakoitzean aurkeztu zuten Tximeletak dokumentala Bergaran; baita lagun asko elkartu ere eta Zabalotegi txiki utzi. "Arrakasta handiena izan duen aurkezpena izan da, hiriburuetan ere ez dugu izan halakorik, eta oso pozik gaude" jakinarazi du Iraitz Salegik. 130 bat lagun elkartu ziren, eta bergarakoez gain Oñati, Arrasate eta Elgoibar aldetik etorritakoak ere bazeuden.


Txalaparta doinuekin eta bertsoak botata eman zioten hasiera aurkezpenari. Ondoren Salegik berak hartu zuen hitza eta Tximeletak: Etengabeko Metamorfosian egitasmoaren nondik norakoen berri eman: "Hamarkada bakoitzaren berri emateko sasoi hartako bideoak tartekatu genituen". Euskal Herriko gazte mugimenduek hiru hamarkada luzeetan utzitako arrastoa jaso eta aztertu dute hain zuzen, Tximeletak dokumentalean.


80ko hamarkadaren berri ematerakoan dokumentaleko protagonistetako bat den Mikel Zubimendi bergararra gonbidatu zuten, eta bere esperientziaren berri eman zien. Garai hura girotzeko, ostera, RIP taldearen Terrorismo policial kantua jo zuten gitarrarekin Ekaitz Aranbarrik eta Ekaitz Otxoak. "Ondoren ikurrin dantza izan zen, baina ikurrinarekin beharrean Haikaren logoarekin", zioen Salegik.


Gaztetxean kontu-kontari

Aurkezpenaren azken tartean Aitziber Plazaola bergararrak hartu zuen txanda, eta azken urteotako kontuei gainbegiratua eman. Bukatutakoan gaztetxera jo zuten guztiek mokadutxoa jatera eta hori ere momentu oso polita izan zela zioen Salegik pozik: "Hainbat belaunalditako lagunak elkartu ginen eta norberaren esperientziak kontatu bertan".
Hegoaldeko aurkezpenak bukatu iparraldera joko dute orain; lehenengoa Donapaleun da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak