Bertako euskara lantzeko ikastaroa antolatu dute

Arritxu Barruso 2013ko urtarrilaren 18a

Otsailean Bergarako euskara lantzeko ikastaroak jarriko dira martxan Bergarako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Jardun Euskara Elkarteak elkarrekin antolatuta. Ikastarootan parte hartu nahi duten guztiek aurrez izena eman beharko dute.

Lehen ere horrelako ikastaroak egin izan direnez, oraingoan bi kategorien artean aukeratu beharko dute parte-hartzaileek: hasierakoa edo jarraipenekoa. Gutxienez 8 laguneko taldeak osatu beharko direlarik.

Akatsak zuzentzeko aukera
Ikastarook helburu bikoitza daukate: batetik, guraso, zaintzaile, begirale, entrenatzaile eta abarri euren hizkuntza akatsak zuzentzen laguntzea, eta bestetik, umeen akatsak zuzentzeko nagusiek erabil ditzaketen estrategia eta lagungarriak eskaintzea.

Bi orduko bost saio
Eskolak Udal Euskaltegian izango dira. Talde bakoitzaren hasiera eguna eta ordua izena emateko epea bukatu eta taldeak osatu ondoren zehaztuko dira. Izan ere, ordutegiak sortzen diren taldeen arabera antolatuko dira. 10 orduko ikastaroak izango dira bi orduko bost saiotan banatuta.

Interesa duten guztiek urtarrilaren 31a, eguena, baino lehen egin beharko dute eskaera. Horretarako, Udal Euskaltegira deitu dezakete (943 76 44 53) edo bestela izena emateko txartela bete eta Udal Euskaltegira eraman. Ikastaroan parte hartzeko hamar eurotako matrikula ordaindu beharko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak