'Tximeletak' dokumentala aurkeztuko dute egubakoitzean Zabalotegin

Arritxu Barruso 2013ko urtarrilaren 16a

Durangoko Liburu eta Disko azokan bigarren dokumental salduena izan zen: ‘Tximeletak: Etengabeko Metamorfosian’. Bada Iraitz Salegi bergararra izan da dokumentalaren egileetako bat. Gazte mugimenduak azken hiru hamarkadetan izandako bilakaera jasotzen du dokumentalak. Egubakoitzean Bergarako Zabalotegi aretoan aurkeztuko dute, 20:00etan.

"Eraldaketa orok ezin dio sekula iraganari uko egin. Tximeletak ez du sekula ahazten beldarra izan zenik". Horixe uste dute Topatu gazte proiektu komunikatiboko kideek eta hor kokatzen da Tximeletak: Etengabeko Metamorfosian dokumentala. Euskal Herriko gazte mugimenduak hiru hamarkada luzeetan utzitako arrastoa aztertu nahi izan dute dokumental honekin.

Intsumisioaren aldeko protestak, Chinchillako sentada, 1995ean Beratik Donibane Garazira egindako Gazte Martxa, Jarrai-Haika-Segi makrosumarioa... Horiek guztiak eta gehiago ezagutu, edo zenbait kasutan, berriz bizitzeko aukera eskaintzen du Tximeletak dokumentalak.

Oso pozik daude lanak izan duen harrerarekin. Durangoko azokan bigarren dokumental salduena izan zen. Donostiako Doka kafe antzokian aurkezpen ofiziala egin ostean eta dokumentala Durangoko Azokara eraman eta gero, orain Bergaran egingo dute aurkezpena. Aurkezpen ekitaldian gainera, dokumentaleko protagonistetako bi izango dira: Aitziber Plazaola eta Mikel Zubimendi bergararrak. Biak ere elkarrizketatu egin zituzten dokumentalerako.

Aurkezpena datorren egubakoitzean, hilak 18, izango da Zabalotegi aretoan iluntzeko 20:00etatik aurrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak