Bergaran Debak gainezka egin du

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko urtarrilaren 15a

Euri-jasa etengabeak arazoak sortu ditu errepidean Bergara inguruan ere. Olabarrenan istripua izan da, errepidean ur-putzu handiak sortu dira han eta hemen, eta Ibaiondo itxi dago Matxiategi San Lorentzorekin lotzen duen zubi azpian, ur baltsa handia baitago, errekak gain hartu duelako. Ikusgarriak dira menditik datozen errekatxoak eta Deba ibaiak dakartzan ur handia.

Bergarako Udaltzaingotik adierazi dutenez, arazotxoak han-hemenka, ur baltsa handiak hainbat puntutan eta luizi txikiak ere bai, asko, baina errepidean ez da aparteko arazorik sortu. Hori bai, Olabarrena auzoan bi autok elkar jo dute 14:30ak inguruan. Ez da zauritutakorik izan eta autoak garabiak eroan ditu.

Arrasate eta Bergara arteko errepidea oso arriskutsu dago hainbat puntutan, esaterako, Elorregi eta Barrena baserria bitartean, tramu batean, menditik datorren urak harriak ere ekarri ditu kaminora eta ur putzuak sortu eta harriak pilatu dira. Deba ibaia, bestalde, hazita dator eta inguruko errekak ere bai.

Zubikua eta Bolubarri inguruan ere ortuen pare zegoen ura arratsaldean, bideoan ikus daitekeenez.

Herrizaingo sailak dei egin du arreta handiz gidatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak