Emakumeen sexu eta ugalketa eskubideen urraketaren gaineko erakusketa, udaletxean

Arritxu Barruso 2013ko urtarrilaren 14a

Osoko bilkuren aretoan egongo da ikusgai astelehenetik domekara urtarrilaren 27ra arte.

Medicusmundi Gipuzkoak Udaleko Berdintasun Zerbitzuen laguntzarekin Sexu eta ugalketa eskubideak, eskubiderik gizatiarrenak erakusketa ekarri du Bergarako udaletxera. Gaur hasi eta urtarrilaren 27ra arte egongo da ikusgai osoko bilkuren aretoan.  Astelehenetik egubakoitzera 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik eta zapatu eta domeketan berriz, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Kontzientzia piztu nahian

Peruko Manuela Ramos Mugimenduaren laguntzaz eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuta prestatu da erakusketa. Bere helburua da sexu eta ugalketa eskubideek munduan bizi duten egoeraz gipuzkoar biztanleak sentsibilizatzea.
Emakumea da, nola ez, erakusketaren protagonista. Izan ere, abiapuntutzat hartzen da emakumeek eskubide horiek bermatuta izatea eta erabili ahal izatea funtsezko elementua dela herrialdeen garapenerako eta generoen arteko berdintasuna lortzeko.

Eskubideak eta oztopoak

Hamaika panelen bitartez, sexu eta ugalketa eskubideak zer diren azaltzen ahalegintzen da erakusketa eta horietako batzuetara hurbiltzen da: bortizkeriarik gabeko bizitza izateko eskubidera; segurtasun fisiko eta mentalaren eskubidera; sexualitate osoa eta arriskurik gabekoa izateko eskubidera; edota amatasun gogozko, libre eta osasuntsua izateko eskubidera. Era berean, eskubide hauek erabili ahal izateko dauden oztopoak azaltzen ditu.

Datu kezkagarriak

Erakusketak datu esanguratsuak azaltzen ditu. Sexu eta ugalketa osasunerako aukerarik eza osasun publikoko arazo garrantzitsua da, herrialde txirotuetan batez ere. 530.000 emakume inguru hiltzen dira munduan amatasunarekin lotutako arazoengatik eta Nazio Batuen Biztanleria Funtsak dioenez, munduan sufritzen diren gaixotasunen zama globalaren %18k sexu eta ugalketa osasunari lotutako arazoekin zerikusia du. Horien adibide dira hiesa –kutsatuta daudenean %52 emakumeak dira– edota TSE-ak (Transmisio Sexualeko Eritasunak).
Gainera, 200 milioi emakume baino gehiagok beren haurdunaldi kopurua bakandu edo mugatu nahiko luketela uste da, baina ez daukate familia-plangintzako zerbitzu eta metodoetara sarbiderik. Horrez gain, 2.400.000 emakume eta neska sexu esplotazioaren biktima dira.
Herrialde askotan emakumeek ez daukate beren gorputzaren kontrolik, ez eta beren sexu harremanen, beren ezkontza eta seme-alaba kopuruaren inguruan ere. Horrek dakar haurdunaldi eta hazkuntza garaiek beren bizitzaren zatirik handiena hartzea, eta, ondorioz, murriztuta edukitzea ikasketak hasi edo osatzeko, lanpostu bat lortzeko edo beste espazio publikoetan parte hartzeko aukera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak