Azkaiter Peloxek 'Zamburleiker 6.0' aurkeztu zuen zapatuan

Jon Berezibar 2013ko urtarrilaren 14a

Zuzeneko kontzertua eskaini zuen Zabalotegin, lagun artean. Ezusteko atseginik ere izan zen, gainera: Los Cretinos taldekoak batu zitzaizkion, sorpresaz.

Azkaiter Pelox, bandaren eta lagunen gaua izan zen ostiralekoa Zabalotegin. Taberna giroko saltsan sarriago eta gustura ikusi ohi den taldearentzat oso bestelakoa da Bergarako areto serioak ekar dezakeen planteamendua. Diskoa aurkeztu zuten eta konpainia ezin hobean egin zuten gainera Zamburleiker 6.0 lanaren aurkezpena. Diskoan makina bat musikarik kolaboratu dute eta espero izatekoa zen Zabalotegin oholtzan ere koadrilla ederra batzea. Baina, ezustekotxoak ere egon ziren. Los Cretinoseko Jaime izan zen luxuzko bisita horietako bat. Arrasateko taldeak Lainon egin zuen kontzertua eta Azkarate eta Jaime aspalditik dira kide eta lagunak. Bisita musikala beraz, ia derrigorrezkoa izan zen herrian bertan egonda. Rolling Stones-en abesti kuttun bat jo zuten elkarrekin. 

Hala ere, Azkaiter Peloxek oraingoan banda osoa igo zuen oholtzara bateria, baxu, gitarra armonika eta ahotsetan Amaia Aspiazuren laguntzarekin. Jo eta jo dabiltza Pelox eta banda eta errodaje handia dute. Geratzeko asmorik ez daukate baina ostiralekoak ukitu berezia eta berezitua izan zuen; lagunengatik, lekuarengatik ala aurkezpena izanagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak