100 urte, eta osasuntsu

Ubane Madera 2013ko urtarrilaren 16a

Joan den mende hasiera. Osakidetzarik ez. Ezta anbulatoriorik ere. Medikuak bai, baina horiek ere gutxi. Halako bizimoduarekin  herrian farmazia izatea gauza handia zen. Eta hala erakusten du sasoiko egunkari batean argitaratutako testuak: "Este establecimiento, espléndidamente instalado, honra a Vergara. Sus productos, ya famosos, ofrecen la garantía de una absoluta pureza".

Zabala farmaziari buruz dihardu testu horrek, Barrenkalen dagoena duela 100 urte. Izan ere, 1913ko abuztuan zabaldu zuen Bergarako saltoki esanguratsu hori Luis Zabala Garaik. 

Hirutik bat 

Zabalaz gainera, Bergaran beste bi farmazia zeuden joan den mende hasieran, Pantaleon Zabala, eta Hermanos Atxa, biak Bidekurutzetan. Eta hiru horietatik, Zabalak bakarrik jarraitzen du zerbitzua ematen zabaldu zuteneko leku berean, eta zabaldu zuen familia berberak: "Aitaita bertan bizi zen, etxearen beheko partean zabaldu zuen farmazia. Orain ere, portal barruan segitzen du farmaziak. Egia esan, oraingoaren nahiko antzerakoa zen hasierako hura. Barruko partean botikaostea (rebotika) eta kanpokoan, botika. Hori bai, orduan askoz ere medikamentu gutxiago zeuden. Gehienak formulak izaten ziren, eta prestatu egiten ziren; gurean, aitaitak. Existitzen zen aspirina, sakarina… baina bestela, denak preparatuak ziren", kontatu du Iñigo Zabalak (Bergara, 1971), Zabala farmaziako ardura duen hirugarren belaunaldiko semeak. 

Farmazialaria baino gehiago 

Etxean asko entzundakoa izaki, Iñigo Zabalak jakin badaki orduko farmazialariaren zeregina oraingoena baino handiagoa ere bazela: "Medikuak baziren, baina ez zegoen zentrorik, anbulatoriorik. Medikuak gaixoaren etxera joan behar izaten zuen, eta han egin kontsulta. Beraz, botiketan gauza asko egiten ziren: lehen sorospenak, zauriak josi, grapak ipini… Esku-ohe bat geneukan botikaostean halakoetarako. 

Bestalde, gaixotasunen larritasuna bera ere oraingoa baino askoz handiagoa izaten zen. Adibidez, beherakoak oso dramatikoak izaten ziren, batez ere umeenak, hil egiten ziren deshidratatuta. Ez zegoen antibiotikorik. Penizinilarik ez zegoen. 1928an deskubritu zuten, eta II. Mundu Gerraren ostean komertzializatzen hasi ziren. Espainiara iritsi orduko… Sulfamidak-eta bazeuden, baina antibiotikorik ez. Eta askotan kontrabandoz ekarri behar izaten ziren Frantziatik edo beste nonbaitetik", jakinarazi du Zabalak. 

Poligonotik Barrenkalera 

Mari Carmen Puy ama (Pasaian jaiotakoa) urte luzez Zabala farmazian jardundakoa ere bada. Jaioterritik Bergarara etorri zenean poligonoko farmazia zabaldu zuen (orain Estella farmazia, orduan Farmacia Puy, Bergarako laugarrena). Hura itxi ostean hasi zen oraingo Zabalan lanean. Eta Zabalak berak ere izan du amaren izena: "Farmacia Puy izan zen 1987tik 2003ra", kontatu du Mari Carmen Puyk berak.  

Anekdotak: kanikak 

Kontuak kontu, ama-semeak batera daudela aprobetxatuta, Zabala farmazian bizi izandako anekdoten gainean galdetzeko aprobetxatu, eta biek bat egin dute anekdota bera gogora ekartzean: "Lehen egiten genuen preparatu bat zela limonada libragarria, purgatzekoa. Edateko soluzio bat zen, limoi urarekin egindakoa. Behin etorri zen gauez pertsona bat, eta halako bat prestatu behar zen. Hartu zuenean, komentatu zuen: Baina honek kanikarik ez dauka? Izan ere, lehen, tabernetan-eta saltzen ziren freskagarriek kanika bat izaten zuten; hari jo egiten zitzaion, behera joaten zen, eta freskagarria edan; eta gero, gasarekin kanika igo egiten zen, eta botila itxi egiten zuen. Gurera etorri zen hark freskagarri moduan hartu zuen gure preparatua. Hori beti kontatu izan da gustura gure etxean", diote barrezka.  

14 bider lapurreta egitera

Horren gustura ez, baina ondo gogoan dituzte anekdota modura-edo azken urteotan Zabala farmaziak jasan izan dituen 14 lapurreta. "Nik ezagutu izan dut dena zabalik egoten zela, portala ere zabalik, norbaitek gauez etortzeko beharra baldin bazuen, batez ere. Eta lapurreta asko izan genituen. Batez ere droga asuntuarekin lotuta 80ko hamarkadan. 14 aldiz sartu ziren. Batean laban batekin, eta beste batean pistola eta guzti. Birritan, gainera, farmazia zabalik zegoela sartu ziren. Hori bai, zorionez, ez zen zauriturik egon". 

Bidean aurrera 

Gaur egun lau langile ditu Zabala farmaziak. Iñigo eta Jon Zabala eta bi langile. Ondoan duen optikan dihardu lanean, berriz, Amaia Zabala arrebak. Izan ere, Zabala farmazia zabaldu zutenean, farmazia-drogeria zen, portalaren alde banatan. "Drogeria itxi ostean, perfumeria zabaldu genuen, 1995ean. Hura itxi eta optika zabaldu genuen orain bederatzi urte". 

100 urte egin ditu Zabala farmaziak, eta osasuntsu segitzen du: "Gure esku dagoen bitartean zabalik egongo da. Ez dakigu zer gertatuko den, baina gure partetik ahalik eta denbora luzeenean segituko dugu", dio Iñigo Zabalak.

-----------------

Botikaosteko tertulia

Botikaoste eder askoa dauka Zabalak. Barrenkalen hasi eta kalearen beste alderaino iristen dena, Irizar kaleraino. Hortxe daude medikamentuz betetako apalak eta laborategia. Baina baita altxor berezia bat ere: "Mahaia Zabala zabaldu zenekoa da. Zenbat tertulia egin diren hemen!", gogoan dute Zelako tertuliak?: "Herritarrak, politikoak… etortzen ziren, baina ez zen politikaz berba egiten. Tertulia de rebotica esaten zitzaion. Telebistarik ez zegoen, irratiak ere gutxi, farmazia egunero zabalik… sarri samar egiten ziren". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak