"Errekonozimendurik garrantzitsuena da hau. Belceblues sortu zenetik, hainbat izan dira lorpenak: Danbakako finalera iristea edota Arteen eta Musikaren Espainiako Errege Akademiaren urteko euskal talde onenaren izendapena, 2009an. Urtetan egindako lanaren ondorioa da", azaldu digu Oihan Vegak.
Badakite, baina, Elvisek arrastoa utzi duen lurraldean publiko zorrotzari erantzun beharko diotela: "Hori izango da zailena. Bluesa asmatu eta sortu zen lurraldera goaz, eurentzat ezezaguna den hizkuntza batean abestera, euskaraz; ez dakigu zer-nolako harrera izango dugun. Gure nortasuna zein den erakustera goaz. Gaizki jotzen badugu, agian Mississippi ibaira botako gaituzte... kar-kar".
'Amets batean murgilduta'
Asier Elortza baxu-jotzaileak dio zaila izango dela sari nagusia eskuratzea, baina onena ematera joango direla. Ibon Larrañagak, gitarra-jotzaileak, gehitu dio amets batean murgilduta daudela.
Taldeak hilabeteak daramatza kontzertua prestatzen eta buru-belarri entseatzen: "Entsegu luze eta gogorrak dira, baina sakrifizio guztiek merezi dute, horrelako aukerak gutxitan sortzen direlako eta aprobetxatu beharra dagoelako", diote, ilusioz.
100 zuzenekotik gora
Belceblues taldea 2005ean sortu zen, Bergaran, eta ordutik egindako bidaiarik luzeena izango da egitera doazena. Bluesaren munduko sorleku nagusia da Memphis, gainera. 101. kontzertua eskaini berri du Gabonetan. 2012an Diabulus in Musika estudioko bigarren diskoa aurkeztu zuten; 2008an kaleratutako Infer izan zen lehenengoa.
Azken urtean, Oihan Vega bateria-jotzaileak ezin izan du taldearekin egon, arrazoi profesionalak direla-eta, eta haren ordez Gille Sanz madrildarrak dihardu. "Hasi nintzenean, banekien talde ona zela, baina ez nuen espero horren urruti iritsiko ginenik. Opari galanta benetan!".
Lan berria prestatzen
Oraindik ez dute datarik jarri, baina dagoeneko hasiak dira kantu berriak konposatzen eta pixkanaka hirugarren diskorako materiala pilatzen. "Kantu guztiak prest ditugunean hasiko gara pentsatzen noiz eta nola grabatu gure estudioko hirugarren lana. Oraingoz, aurrera dezakeguna da disko berrian joango diren bi kantu Memphisen estreinatuko ditugula. Han grabatuko ditugu, gainera, kontzertu guztiak, DVD-dokumental bat egiteko. Bertan, hango emanaldiak, bidaiaren nondik norakoak eta gertatuko zaizkigun anekdota guztiak jasoko ditugu; horretan ez daukagulako zalantzarik, anekdotaz josita itzuliko gara".
Europa, Amerika, Asia, Australia... kontinente guztietako blues talderik onenekin topoko egingo dute. "Badakigu oso zaila izango dela txapela irabaztea, baina ez dugu aukera hori baztertzen; zergatik ez? Dena den, txapela lortu edo ez, guretzat, haraino bidaiatzea dagoeneko bada nahiko sari".
Zorterik onena AEBetara egingo duten bidaian!
-----------------
Munduko blues talde onenen artean
Bi kanporaketa izango dira, 30ean eta 31n, eta, horiek igaroz gero, otsailaren 1ean jokatuko den finalera igaroko da talde bergararra. Munduko blues talderik onenekin partekatuko du Belcebluesek agertokia, Memphisko Beale kale famatuan, BB King handiak bere lokala duen kale ospetsuan. "Oso denbora laburra izango dugu bi kontzertuetan. Talde bakoitzak 25 minutu baino ez ditu izango bere lana defendatzeko. Kontzertu tinkoa, zuzena eta indartsua ari gara prestatzen", azaldu digu Vegak.