Juanjo Altuna margolaria da Bearteko lehendakari berria pasa den abendua ezkero eta hark adierazi digu aurtengoa inoiz baino erakusketa osatuagoa eta bereziagoa dela: "Erakusketa honek daukan gauzarik politena da urtetik urtera ikusten dela margolariak nola doazen garatzen eta teknika hobetzen. Aurten oso pozik gaude erakusketak emandako emaitzarekin eta herritarrengandik ere horixe izan da jaso duguna: inoiz baino bereziagoa dela aurtengoa".
Zalantza barik berezia eta osatua da. Denetariko teknikak ikusi daitezke: inpresionismoa, akuarelak, akrilikoak, olioak eta baita teknika mistoak ere. Hain justu ere, horixe da erakusketa honen ezaugarrietako bat: aniztasuna eta aberastasuna.
Artisten ilusioa agerian
Altunaren ustetan erakusketa horren ondo geratu bada, hori artistek ipinitako ilusioarengatik eta hartutako lanarengatik izan da: "Gaiari eta exekuzioari dagokionean ondo landu eta pentsatutako lanak ekarri dituzten artistek. Sumatzen da propio erakusketarako prestatutako margolanak direla".
Beart osasuntsu
Gaur egun 80 bazkide inguruk osatzen dute Bergarako Artisten elkartea. Bertan, besteak beste, margo eskolak ematen ditu Riki Azkargorta artista bergararrak eta zapatuetan umeendako eskolak ere ematen dituzte. Altunak gogorarazi du edonor batu daitekeela elkartera hileko kuota ordainduta.
Aroztegi aretoko ordutegia
Aroztegiren ordutegia da astelehenetik egubakoitzera 18:00etatik 20:00etara ; zapatuetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era eta domeketan 12:00etatik 14:00etara.
Mikel Mitxelena errenteriarrarena izango da hurrengo erakusketa Aroztegin.