Saharar errefuxiatuentzako elikagai bilketa martxa onean doa Bergaran

Goiatz Arana Begiristain 2013ko urtarrilaren 10a

Sahararen aldeko euskal karabana martxan da aurten ere eta karabana horretarako elikagaiak eta konpresak batzen ari dira Bergaran. Kanpaina honek asko suposatzen du saharar errefuxiatuentzat eta biziki eskertzen dute. Lagundu nahi bai, baina oraindik egin ez duten herritarrak garaiz dabiltza: hilaren 21a izango da azken eguna. 

Krisiaren eragina nabaritzen da, baina ez du kanpainaren bidea geraraztea lortu; Piztu itxaropena lelodun Sahararen aldeko euskal karabana bere bidea egiteko prestatzen dabil. 

Urtetako ohiturari jarraituz jarri du martxan Bergarako Bubisher elkarteak ere elikagai eta konpresa bilketa –Udalaren, ikastetxeen eta Komite Internazionalisten laguntzarekin– eta pozik dago orain artekoarekin.

Zer eta non

Arroza, pasta, atun eta sardina kontserbak, azukrea, dilistak eta konpresak biltzen ari dira Bergara, Elgeta eta Soraluzeko ikastetxeetan, Bergarako janari denda txikietan eta herri barruko eta kanpo aldeko Eroskiren hipermerkatuetan eta udaletxean. Abenduaren 17an abiarazi zuten bilketa eta urtarrilaren 21era bitartean eraman ahalko dira konpresa eta elikagaiak aipatutako tokietara. 

Otsailaren 16an eramango dute Bergaran batutakoa Donostiara eta handik edo Bilbotik jarriko da karabana Tindufeko errefuxiatuen kanpamenduetara bidean; kamioietan edo edukiontzietan eramango duten ere argitzeke dago oraindik.  

Diru ekarpenak

Saharar errefuxiatuei laguntzeko diru ekarpena egiteko bideak ere ireki dituzte; kontu bana zabaldu dute Euskadiko Kutxan (3035 0009 13 0091113300) eta Kutxabanken (2101 0070 86 0124795568).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak