Iraitz Salegi bergararra da proiektuan murgildutako gazteetako bat, eta azaldu digu asko ikasteaz gain, etorkizunera baikortasunez begiratu ahal izatea ekarri diola dokumentalak: "Hamarkada ezberdinetako jende dezente elkarrizketatu dugu eta horietako askok, nostalgia puntu batekin bada ere, baikortasun handiz ikusten dute gaur egun bizi dugun egoera, eta borrokan jarraitzeko grina sumatu dut. Hori oso garrantzitsua izan da niretzat".
Intsumisioaren aldeko protestak, Chinchillako sentada, 1995ean Beratik Donibane Garazira egindako Gazte Martxa, Jarrai-Haika-Segi makrosumarioa... Horiek guztiak eta gehiago ezagutu, edo zenbait kasutan, berriz bizitzeko aukera eskaintzen du Tximeletak dokumentalak.
Bergaran urtarrilaren 18an
Donostiako Doka kafe antzokian aurkezpen ofiziala egin ostean eta dokumentala Durangoko Azokara eraman eta gero, orain Bergaran egingo dute aurkezpena: "Zazpi lurraldeetan barrena bira txiki bat antolatu dugu. Bergaran ez dugu dokumentala proiektatuko. Uste dugu ez duela zentzu handirik jende gehienak ikusita daukalako. Dokumentalaren inguruan hitz egingo dugu eta ekitaldian bertsolari eta dantzariak ere izango ditugu".
Plazaola eta Zubimendi bertan
Bergarako aurkezpen ekitaldian, gainera, dokumentaleko protagonistetako bi izango dira: Aitziber Plazaola eta Mikel Zubimendi bergararrak. "Biak ere elkarrizketatu egin genituen dokumentalerako, eta, Bergarakoak direnez, aurkezpenean izango dira. Dokumentalean diotena bertatik bertara kontatuko dute. Uste dut horrek are interesgarriago egingo duela ekitaldia".
Esan bezala, urtarrilaren 18an, egubakoitza, izango da aurkezpen ekitaldia, 20:00etan, Zabalotegi aretoan.

