'Zamburleiker 6.0' diskoa aurkeztuko du Unai Azkaratek Zabalotegin

Maider Arregi 2013ko urtarrilaren 10a

Bihar, Zabalotegi aretoan, lagunez inguratuta igoko da Azakiter Pelox Band agertokira disko berria aurkeztera. Tartean, Menphisera doan Belceblues taldeko bateria, Gille Sanz madrildarra ere lagun izango dute. Sarrerarekin Zamburleiker 6.0 diskoa oparituko dute.

'Azkaiter Pelox'-en azken proiektua hirukoa da azkenaldian: Soraluzeko Gaizka Azkaratek –harmonika–, Oñatiko Amaia Azpiazuk –ahotsa– eta Unai Azkaratek –gitarra– osatzen dute taldea. Baina biharko Zabalotegiko aurkezpenerako seikote bilakatuko direla azaldu digu Unai Azkaratek: "Belceblues-ekoekin batera Memphisera doan Gille Sanz Madrildarra baterian, Urrezko Pua lehiaketako antolatzaile den Pablo Biurrun Uruguaydarra baxuan eta ZZ blues taldeko Joanes Iñurrieta gitarran gurekin ariko dira Zamburleiker 6.0 diskoa aurkezten zuzenean".


Azken hiru urteetako lana biltzen duen diskoa dela dio. "Gure bizipen pertsonalak, lagun ditugun musikari bikainekin batera aireratzen ditugu; Jose Angel Irigarayren testu bat ezik, beste abesti guztiak nik idatzi ditut". Ander Barriuso soinu teknikariarekin Eibarko Legarreko estudioetan grabatu dute diskoa eta orain zuzenekoetan aurkezten dihardute. "Diskoan bederatzi musikari aritu gara eta gure aurreko diskoan baino instrumentu gehiago sartu ditugu. Kontrabaxua ere grabatu dugu-eta", nabarmendu digu.

Zabalotegin, etxean moduan

Bihar, Zabalotegin, 22:30etan egingo dute aurkezpena. "Areto bikaina da guretzat. Talde handiak ikusi ditugu bertan. Barikuan goraino betetzea espero dugu eta horretarako sarrerarekin –8 euro– diskoa ere oparituko diogu ikusleari", dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak