Belceblues taldea Memphisera

Goiatz Arana Begiristain 2013ko urtarrilaren 10a

Belceblues talde bergararrak 'Road to Memphis' lehiaketa irabazi du eta Euskal Herriko blues talde onenaren saria eskuratu. Ondorioz, Amerikako Estatu Batuetara joango da, Memphis hirira (Tennessee), hilaren 29an, munduko txapelketako finala jokatzera. 

Bi kanporaketa izango dira, 30ean eta 31n eta, horiek igaroz gero, otsailaren 1ean jokatuko den azken finalera igaroko da talde bergararra. Munduko blues talderik onenekin partekatuko du Belcebluesek eszenatokia Memphiseko Beale kale famatuan, BB King handiak bere lokala duen kale ospetsuan.

"Amets batean  murgilduta"

Munduko blues talderik onenen arteko lehia izango dela kontuan izanik, Asier Elortza taldekideak dio (ahotsa eta baxua) zaila izango dela sari nagusia eskuratzea, baina onena ematera joango direla eta ikusiko dutela noraino heltzeko gai diren. Ibon Larrañaga taldeko gitarra jotzaileak horri gehitu dio amets batean murgilduta moduan daudela. 

Taldeak hilabeteak daramatza kontzertua prestatzen eta buru-belarri entseatzen: "Entsegu luze eta gogorrak dira, baina sakrifizio guztiek merezi dute, horrelako aukerak gutxitan sortzen direlako eta aprobetxatu beharra daudelako".

Bidaiaren eta Memphisen gertatzen denaren nondik norako denak DVD-dokumental batean jasoko dituzte eta hirugarren estudioko lanarekin batera kaleratuko dute; dagoeneko ari dira disko horretarako kantu berriak konposatzen. 

2005ean hasitako bidea

Belceblues taldea 2005ean sortu zen Bergaran eta ordutik egindako bidaiarik luzeena izango da hil honen bukaeran egitera doazena. Bluesaren munduko sorleku nagusia da Memphis, gainera. 

Belcebluesek bere 101. kontzertua eskaini du pasa berri diren Gabonetan. 2012an Diabulus un Musika euren estudioko bigarren diskoa aurkeztu zuten; 2008an kaleratutako Infer izan zen lehena.

Azken urtean, Oihan Vega bateria jotzaileak ezin izan du taldearekin egon, arrazoi profesionalak tarteko, eta, bere ordez, Gille Sanz madrildarrak hartu du taldeko bateria jotzaile lekua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak