Erakusleiho eta marrazki lehiaketako irabazleak pozik Bergaran

Miren Arregi Amasorrain 2013ko urtarrilaren 6a

Errege Bezpera egunean, eguerdian banatu zituzten Bergarako Munibe plazan erakustoki lehiaketako sariak. Ekitaldi berean, marrazki lehiaketako irabazleek ere euren sariak jaso zituzten. 

Berez abenduko azken astean eman zituen jakitera Bedelkarrek erakusleiho txapelketako lehen hiru sarituen izenak, baina zapatuan, urtarrilak 5, egin zuten sari horien banaketa. Epaimahaiaren ustez, erakusleiho politena Igarza mertzeriarena izan da (200 euro). Bigarren saria Gorosti loradendak (150 euro) eskuratu du eta hirugarrena, berriz, Ninika loradendak (100 euro)". Hirurek, udalak emandako dirusaria eskuratu zuten zapatuko ekitaldian.

Epaimahaiak izendatutako erakusleihoak ez ezik, herritarrek aukeratutakoak ere saria jaso zuen atzo: Mirari jantzidendak irabazi du aurtengo Gabonetako herritarren saria (100 euro). Bestalde, botoa eman zuten herritarren artean ere banatu zuten saria, hain zuen, Bedelkarreko komertzioetan gastatzeko 150 euroko bonoa. Eta sari hori Yamila Gallegok irabazi zuen, parte hartu zutenen arteko zozketa eginez.

Bestalde, 75 marrazki aurkeztu dituzte 13 urte arteko gaztetxoek aurtengo lehiaketara eta txapelketa horren sari banaketa ere atzoko ekitaldian egin zuten. Kategoria bakoitzean lehen saria irabazi zutenek jaso zuten saria hala nola: Oier Sanchez (5 urte), June Etxabarri (6-7 urte), Alazne Urkiola (8-9 urte), Eider Etxaniz (10-11 urte) eta Amaia Etxaniz (12-13 urte). Marrazki horiek Bedelkarreko denda eta komertzioetako erakusleihoetan egon dira ikusgai Gabon egunetan.

Horrez gain, Peter Panen ipuin ezkutua aurkitu dutenen artean ere egin zuten zozketa saribanaketan. Kasu horretan, Ainhoa Lekuona Irigoien izan zen irabazlea (150 euro).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak