Gabon indartsuak izan dituzte Bergarako Gaztetxean

Ubane Madera 2013ko urtarrilaren 4a

Musika, zinema, kulturaniztasuna, dantza… denetariko ekitaldiek leku bikaina izan dute Gabonetan Bergarako Gaztetxean. Abenduaren 20tik bihar (zapatu) arteko egitaraua antolatu eta gauzatu dute. Orokorrean oso modu positiboan baloratu dute ektialdiok eskuratutako erantzuna. Bereziki, baina, bi ekitaldi nabarmendu dituzte gaztetxekoek: batetik, Asier Altuna zinemagilearekin egindakoa "Gabonetako une gogoangarri" bat izan zela diote, eta bestetik, Xabier Montoiaren kontzertua "Gabonetako uneetako bat" eta "kontzertu berezia" izan zela adierazi dute. 

 

Abenduak 20: Hard Drugs Abuse eta Arale

Kontzertu bikaina izan zen gaztetxekoek esandakoaren arabera, jende gutxi gerturatu zela kontatu dute, "baina gerturatutakoak guztia eman" zutela; finean, "hardcore kontzertu itzela ostegun iluntzean".

Abenduak 23: Asier Altuna: Nire sekuentzia kuttunak

100 pertsonatik gora izan ziren Altunaren filmetako sekuentzia kuttunenak ikusteko. "Benetan arrakasta izan duen ekimena, jendetza batzeaz gain jendeak eskertu egin zuen zuzendariak bere sekuentziak aipatu eta komentatzea. Gabonetako une gogoangarri bat dudarik gabe", adierazi dute asanbladakoek.

Abenduak 24: MOJITO GAUA  Elvis Caino eta LT Moonlight DJ-ekin

"Gabon gaua rock & roll gaua bilakatu zen kartzela zaharrean, bi disko jartzaileak ondo uztartu ziren eta gustuz jarritako musika izan zen gaztetxean".

Abenduak 27: Sukaldaritza tailerra egin zuten arratsaldez, eta afari mundiala gero. "Bergaran dauzkagun kultura ezberdinak konpartitu eta gozatu" zituztela nabarmendu dute Bergarako Gaztetxekoek."Pakistan, Senegal eta Euskal Herriko jakiak dastatu genituen 30 bat pertsonak, kultura desberdinei buruz hitz-egiteko aukera izan genuen herrian bizi baina batzuetan kontutan hartzen ez ditugun pertsonekin", zehaztu dute.

Abenduak 28: Trikiti zaleen Gaztañerre Eguna, Bergarako trikiti elkartiak antolauta. Eta Iñuxente Gaua Xelebregarakin, Bergarako Txapa irratiko Xelebregara irratsaioak antolaturik. "Trikiti zale multzo handia bildu zen gaztetxean gaztainak dastatu eta trikitixa jotzeko".

Abenduak 29: Salsa ikastaroa. "Adin guztietako jendea bildu zen gaztetxean salsa dantzatzeko, benetan pozgarria adin eta kolore desberdinetako jendea dantzatzen ikustea", adierazi dute asanbladakoek.

Abenduak 30: Xabier Montoiaren kontzertua.

Kontzertuaren emaitzarekin ere pozik azaldu dira gaztetxeko ordezkariak. Hala kontatu dute: "Berezia bezain polita izan zen Xabier Montoiaren kontzertua, Gabonetako uneetako bat zalantzarik gabe. Maite Arroitajauregiren azken kontzertua izan zen Montoiarekin eta horregatik kontzertu berezia izan zen. Hiruko formatuan ibili ziren eta azken diskako kantuak errepasatzeaz gain bertsioak eta aurreko diskoetako kantak jo zituzten".

Abenduak 31: Karaoke gauean, berriz, "lotsarik gabe" igi zen jendea taula gainera karaoke gauaren bosgarren edizioan. Gaztetxekoen esanetan, "urtero indarberritzen ari den ohitura da hau".

Eta ekitaldi sorta borobiltzeko, bihar, zapatua dute Gabonetarako aurreikusitako azkeneko hitzordua: Bad Sound system musika taldeak jardungo du gaztetxea eta gaztetxera doazenak girotzen.  

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak