Sekula Betiko Lurraldea argiztatu du Peter Panen Txilintxo maitagarriak

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko abenduaren 31

Peter Pan txikiak sinistarazi digu Sinistu behar da abestiarekin, amesten dugun hori lor dezakegula ahalegindu eta ekinez gero, eta horixe erakutsi du Bergarako Musika Eskolak Peter Pan musikalaren euskarazko moldaketaren estreinaldi arrakastatsuarekin: txikitasunez, apaltasunez, ekinez, dohainez… gauza ederrak lor daitezkeela. Ederra baita Bergarako musika zaleek azken lan honetan ere erakutsitakoa. Maisutasuna.

Lan korala da Peter Pan hau, Bergarako Musika Eskolako ikasle txikien ikaragarrizko ahalegina. Baina protagonistek ematen diote distira berezia, Txilintxo maitagarriak laser bidez bezala. Eta, hala, nabarmentzen dira Aitor Garitano Peter Pan-en rolean eta Miren Gutierrez Wendyrenean, batez ere lehenengoa, eszenatokia, maisuki,  hainbat artista profesionalek ez bezala menderatzen du-eta. Sinistu behar da abestian, Garitano gaztetxoak publikoarekin lortutako konplizitatea ikaragarria da.

Dekoratu politak

Bi ordu eta erdi irauten du, gutxi gorabehera, Peter Pan euskarazkoak. Eszena eta situazio askotarikoak ditu, oso modu xume bezain efektiboz lortuak. Horretan, talde teknikoa bikain aritu da: tramoi lanetakoak, dekoratuen egileak, eszenografiarenak, erregidoreak... Dena etxean, Bergaran, egina, Ramon Arantzabal eta Luis Laskurain pintoreen ekarpen aberasgarriarekin.  

(Peter Pan, Aitor Garitano).

Obra klasikoa

James M. Barrie eskoziarrak 1904an estreinatu zuen Peter Pan antzezlana. Eta hartan oinarritu dira dekoratuak egiterakoan. Baina, esaterako, laserra gehitu diote, Txilintxo maitagarriarenari soluzioa emateko. Ekarpen egokia inondik inora. Baina baditu musikalak beste efektu berezi batzuk ere, batzuk, iaz Olentzero & Co musikalean erabilitakoak: suzkoak edota itzalak, argien erabilpen egokiarekin, Sirenen aintziran, esaterako.

Polita da hasiera, obertura gustagarri eta dantzagarriarekin, eta osteko Darlindarren emanaldia, Karlos Etxaniz eta Argiñe Agirrebeñarekin. Izan ere, hauek, ardoa bezala, urteen eta musikalen esperientziaren poderioz, ontzen eta ontzen doaz eta igartzen zaie. Darlin jauna pajarita ipini ezinda dabilenekoa da une komikoetako bat.     

(Wendy, Maite Gutierrez).

(Darling jauna, Karlos Etxaniz).

(Darling andre-gizonak, Karlos Etxaniz eta Argiñe Agirrezababal).

(Peter Pan eta Wendy).

Gozagarria da Bagoaz, Sekula Betiko Lurraldera abiatu direlarik Peter Panen atzetik Wendy eta haren anaiak, darlindar txikiak, piratak eta indioak ezagutzeko aukera emango dien abentura misteriotsu, erakargarri eta arriskutsuan. Ume Galduak ere ezagutuko dituzte eta haien lagun egingo.

(Kako Oker, Valen Moñux).

"Piraten bizitza onena da"

Garfio edo Kako Oker kapitainaren (Valen Moñux), Smee laguntzailearen (Julen Alberdi) eta pirata talde alprojarenak, situazio dibertigarriak dira, bereziki, Kako Okerrek krokodiloarekin duen amesgaiztozko harremanetik eratorriak. Bere fobia eta filiekin bizi da Garfio Kako Oker: orain harroputz bai, orain beldurti. Eta hala dabil, "piraten bizitza onena da; lanik gabe, legerik gabe…; ron botilarekin!"…

Dantzarako uneak ere baditu musikalak. Eta horretan, indioenak dira ikusgarrienak, Irene Hernando eta Maddi Iñarraren dantza ikusgarriekin.

(Kako Oker piraten kapitaina garaituko du Peter Panek).

Umeak protagonista

Obra landua da euskarazko Peter Pan, non umeak diren protagonista nagusiak. Bergarako Musika Eskolako 60 bat neska-mutiko; neska gehiago mutiko baino. Eta sekulako meritua du horrek. Izan ere, arriskua hartu baitu Valen Moñuxek oraingoan. Baina ezin daiteke esan haitzartera salto egin duenik. Arrisku kalkulatua izan da. Ze, Marije Ugaldek eta Nagore Sanzek sinistu ezin bako lana egin dute umeekin. Eta haiek erantzun dute ezin hobeto. Denek. Peter Pan eta Wendy aipatuek bai, baina baita Mikel Moñuxek eta Jon Etxanizek ere; edota, tarteka-marteka, abestu, dantzatu edo interpretatzen duten dozenaka neska-mutikoek. 

(Tigrelili indioa, Maddi Iñarra).

(Peter Pan Ume Galduak atzean dituela).

Bateria jotzailearen danbadak

Eta musika? Aparta hau ere. Aparta, gainera, Musika Eskolako maisu-maistra eta ikasleek moldatu eta interpretatu dutelako, Xabi Torresen agindu eta zuzendaritzapean. Oinarri erritmikoa eta haizezkoak nabarmentzen dira; bereziki, bateria jotzailea, Aitor Aranburu.

Bergarako euskara

Azken aipamena testuari. Euskarara itzuli du Valen Moñuxek. Baina ezinbestekoa eta erabakigarria izan da Jone Larrañaga antzuolarraren eskua, testua zuzendu eta orrazterakoan. Eta batua eta euskalkia ederki erabili ditu: lehena, darlindarren hizkuntza jasoa irudikatzeko; Bergarakoa, Peter Pan eta gainerakoendako.

Zorionak, hortaz, Bergarako Musika Eskolari eta lan talde fidelari; zorionak, bereziki, ikasleei, haiek dira arima. Eta baita Valen Moñux nekaezinari eta haren laguntzaile guztiei. Beste erronka bat gainditu dute. Goian jarri dute langa, ordea. Urtetik urtera maila honetako musikal bat?

Eta orain?

Hainbat ikus-entzulek obraren bukaeran zioten moduan, askotan entzun eta errepikatua Miserableak, Oliver!, Olentzero & Co! (portzierto, Oihan Vegak konposatu ditu pieza osagarri batzuk Peter Pan-erako) musikaletan, pena da horrenbeste orduko lana bi egunetan amaitzea. Baina ez dirudi urteko azken egun hauetan geratuko denik. Ahalegina egingo dute-eta, Pikupe Produkzioen laguntzarekin, musikala hara eta hona mugitzeko.

Hasteko, otsailaren 2an, Elgetan gozatu ahal izango dute Espaloian. Ea, ondoren, hiriburuetako antzokietan edota inguruko herrietakoak ere eskaintzen den. Merezi du!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak