Eguraldi ona lagun, giro ederra eta harrera ona izan du Bergarako XX. Napar Feriak. Napar Bidea izeneko kooperatibako kide diren bederatzi postu egon dira San Antonio plazan, guztiak artisau naparrak, eta herritarrek Gabon aurretiko erosketa batzuk egiteko aprobetxatu dute urteroko zita. Pate, turroiak, pastelak, barkilloa, almendrak, txorizoa, gazta eta patxarana izan dira salgai, besteak beste.
Patxi Uribesalgo antolatzaile taldeko kideak esan digu "oso pozik" daudela aurten feriak izan duen harrerarekin: "Bergararrek ohitura dute San Antoniora etortzeko Gabonetarako produktuak erosten dutelako bertan eta oso pozik gaude"
Egitarau zabala
Txistulariek alaitutako kalejirak eman dio hasiera feriari. Hortik aurrera, hainbat gauzekin gozatu ahal izan dute bertaratutakoek; postuak, musika, pintxoak, poniak, zezentxoak, jolasak eta meza ere izan da. Gabonetako postalen zortzigarren edizioa ere ospatu dute, On Serafin Esnaola San Antonion egon zen apaizaren omenez.
Sukaldaritza lehiaketa
Azken bost urteetan bezala, elkarteen arteko sukaldaritza lehiaketa ere egin dute. Bost elkarte aurkeztu dira lehiaketara eta prestatu behar izan dutena izan da patatak bakailaoarekin. Lehiaketa Lasai Toki elkarteko kideek irabazi dute, bigarren Umore Onako kideak gelditu dira eta hirugarren Artatze elkartekoak.
Iñigo Zaitegi epaimahaiko arduradunak esan digu ez dela batere samurra izan erabakia hartzea, izan ere, puntuazio oso "parekatuak" izan dituztela lehiakideek eta erabakia hartzea "zaila" izan dela aitortu digu.
Lehiaketaren ostean Napar Feriari amaiera emateko, antolatzaileek, feriako saltzaileek, sukaldaritza lehiaketan parte hartutakoek eta abesbatzako kideek bazkaria egin dute, lehiaketan prestatutako patatekin.