Lehendabizi, Bergarako Udalak harrera egin zion Jakiunde Akademiari udaletxean. Alkatea, Jakiundeko presidentea eta Olaso Dorrearen presidenteordea beste udal ordezkari batzuekin batera udaletxetik irten zirenean, herriko banda San Martin plazan alkate soinua jotzen hasi zen eta Olaso Dorrerainoko bidean musikaz lagundu zien.
Dorrearen kanpoaldean aurreskua dantzatu zieten eta plaka erakutsi ostean, herritarrei akademiaren ateak zabaldu zizkieten.
Alkateak esan zuen Bergara ikasketen eta jakinduriaren habia izan zela XVIII. mendean eta azpimarratu zuen jakindurian eta horren transmisioan dagoela gure etorkizunaren gakoa.
Alkatearen ostean, Olaso Dorreko presidenteorde Ramon Mendibilek hartu zuen hitza eta esan zuen atzokoa egun oso berezia zela.
Bukatzeko, Jakiundeko presidente Jesus Mari Ugaldek hitz egin zuen eta esan zuen ohore handia dela Bergaran izatea herriari zabalik dagoen akademia. Jakiunde zer den ere azaldu zien herritarrei eta hauxe esan zuen modu laburrean: iragana, izan garena eta etorkizuna, izango garena lotzen duen akademia-erakundea dela.
Ugalderen hizketaldiaren ostean, Jakiunderi buruzko bideo bat jarri zuten, eta ondoren, musika eskolako sokazko taldeak Bergarako ereserkia jo zuen.
Herritarrak gustura
Herritarrek gustura bisitatu zuten egoitza eta esan ziguten luxua dela Jakiunde bezalako akademia Bergaran izatea eta herriarentzat onuragarria dela.
Obra berria ere ezagutu zuten herritarrek, eta amaitzeko, luntxa izan zen bertaratu zirenendako.