Bergarako Udalak eta Bedelkarrek eskaparateak apaintzera animatu dituzte herriko dendariak

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko abenduaren 19a

Bergarako Udalak eta Bedelkarrek Eskaparate Lehiaketa deitu dute aurten ere. Horretaz gain, hainbat ekimen antolatu dituzte egunotarako, Bergarako Musika Eskolaren Peter Pan euskarazko musikalaren harira. Leire Iruin zinegotziak eta Bedelkarreko ordezkariak aurkeztu dituzte gaur udaletxean, Gabon egunotarako ekimenak.

Eskaparate lehiaketari dagokionean, honako hauek dira oinarriak:

  • Bergarako merkataritza-establezimendu guztiak aintzakotzat hartuko dira lehiaketan, aurrez izena eman beharrik gabe.
  • 2012ko abenduaren 21etik, 2013ko urtarrilaren 7ra bitartean (biak barne) erakusketarako prestatuta egon beharko dute erakusleihoek.
  • Sariak ematerakoan, kontuan hartuko da publizitate-mezuaren imajinazioa, originaltasuna eta eraginkortasuna, erakusleihoaren kalitatearekin batera.
  • Erakusleihoetan establezimenduan saltzen diren ohiko artikuluak agertu beharko dira.
  • Erakusleihoak apaintzeko gorosti, goroldio, erratz eta izei naturala ez erabiltzea erregutzen da.
  • Epaimahaia Kultura Batzordeak, Bedelkar Bergarako merkatarien elkarteak eta Beart Bergarako arte elkarteak izendatutako pertsonek osatuko dute.
  • Lehiaketako sariak ondorengoak izango dira:
  • Lehena: 200. euro.
  • Bigarrena: 150 euro.
  • Hirugarrena: 100 euro.
  • Sari popularra: 100 euro.
  • Sari popularra emateko herritarrei bozka emateko orriak banatuko zaizkie Bergarako dendetan, erosketa bat egiterakoan. Ondoren bozka horiek Bergarako Udaletxean, Olentzero eta Mari Domingiren alboan egongo den buzoian, sartu beharko dituzte interesdunek, beranduenera urtarrilaren 3an 13:00etan. Bedelkarretik kanpoko merkataritza establezimenduek bozka emateko orriak eskuratu nahi badituzte Bergarako kultura etxean eskatu beharko dituzte. Bozka eman duten herritar guztien artean 150 euroko diru-saria zozketatuko da.
  • Abenduaren 29an eta 30ean Bergarako udal pilotalekuan Peter Pan musikalaren emanaldiak izango direla-eta, Bergarako Udalak eta Bedelkarreko merkatariek ere bat egingo du ekitaldi horrekin. Hori dela-eta, Bergarako merkataritza-establezimenduetako batean Peter Pan-en irudi edo elementuren bat egongo da gordeta. Irudi edo elementu hori zein dendako eskaparatean dagoen asmatzen duten guztien artean 150 euroko diru-saria zozketatuko da, Bedelkarreko dendetan gastatzeko. Zozketa horretan parte hartzeko orriak Bedelkarreko dendetan eskuratu ahal izango dituzte parte hartzaile guztiek. Orria bete ondoren Bergarako Udaletxean, Olentzero eta Mari Domingiren alboan egongo den buzoian, sartu beharko dute interesdunek, beranduenera urtarrilaren 3an 13:00etan.
  • Sari banaketa ekitaldia urtarrilaren 5ean 13:15ean egingo da Munibe plazan. Bertan irabazle guztien izenak emango dira: bai eskaparate lehiaketakoak, bai sari popularraren bozka eman duten guztien artean zozketaz irabazle izan dena eta baita Peter Pan-en irudia non dagoen asmatu duten guztien artekoa ere.
  • Epaimahaiaren erabakia aldaezina izango da.
  • Epaimahaiak egoki deritzon sariak hutsik uzteko aukera izango du.
  • Lehiaketan parte hartzeak oinarri hauek onartzea suposatzen du.
  • Oharra: Lehiaketak irauten duen egunetan eskaparateak argiztatuta edukitzea komeni da, epaimahaiaren lana errazteko: dendak ixteko ordura arte lanegunetan eta iluntzeko 9ak arte jaiegunetan eta bezperatan.

'Peter-Pan' musikala: marrazkiak eta pintxoak

Bestalde, Bergarako Udalak bat egin du abenduaren 29 eta 30ean Bergarako Udal pilotalekuan egingo den Peter Pan musikalekin. Hori dela-eta, abenduaren 27tik 30era Bergarako taberna eta komertzio guztiak animatu nahi ditu Bergarako Musika Eskolak antolatu duen Peter Pan ikuskizunarekin bat egitera.

Horretarako, herriko tabernei eskatu die Udalak, egun horietan jarriko dituzten pintxoak eta menuak Peter Pan gaiaren inguruan antolatzea. Era berean, taberna eta komertzioak ere animatu nahi ditu Bergarako Udalak Peter Pan motiboekin apaintzera.

Bestalde, Peter Pan marrazki lehiaketa bat ere antolatu du Udalak Bedelkar Bergarako merkatarien elkartearekin batera. Lehiaketan nahi duten guztiek hartu ahal izango dute parte, eta beren lanak beranduenera abenduaren 27an, 13:00etan Bergarako kultura etxera aurkeztu beharko dituzte. Marrazkia paperean egin beharko da, edozein teknika erabilita. Marrazki guztiek atzealdean egilearen izen-abizenak, adina, helbidea eta telefono zenbakia izan behar dute.

Ondoren, lehiaketan parte hartu duten lan guztiak Bergarako merkataritza establezimenduetan izango dira ikusgai.

Marrazki guztien artean irabazlea aukeratuko dute Bedelkarreko ordezkariek, eta oparia urtarrilaren 5ean 13:15ean, Munibe plazan egingo den sari-banaketa ekitaldian emango zaio irabazleari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak