Olentzero eta Mari Domingi udaletxean daude

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko abenduaren 19a

Dagoneko jaitsi dira menditik Olentzero eta Mari Domingi kalera. Urtero egiten duten moduan, udaletxeko sarreran daude, umetxoak bisitan noiz joango zain.

Han egongo dira datozen egunetan astelehenean, kalejira egingo duten arte eta umetxoen gutunak batu. Aurten gainera, herriko ikastetxeek elkarrekin aterako dira astelehenean kantuan kalera.

San Martin, Aranzadi eta Mariaren Lagundia ikastetxeetako haurrak kantuan aterako dira gure herriko kaleetan zehar Bergara Gabon giroan murgilduz. Goizean hasita, ikastetxe bakoitzak bere ibilbidetxoa egingo du 11:30ean frontoi aurrean elkartu arte. Hortik aurrera, elkarrekin kantatuz ekingo diote bideari.

San Martin ikastetxeko haurrak Matxiategi kaletik iritsiko dira frontoi aurrealdera; Mariaren Lagundikoak Bidekurutzeta eta Ibargarai kaleetan barrena ibilbidea eginda; eta Aranzadi ikastolakoak, Irala kalea zeharkatuz, Kruz Gallastegitik Bideberrira agertuta.

Esan bezala, 11:30ean frontoi aurrean egingo dute bat. Bertan, Olentzero eta Mari Domingi izango dituzte zain monolito aurrean eta, haur guztiak elkartutakoan, 3 kantu abestuko dizkiete umeek. Ondoren hiru eskoletako ikasleek kalejiran jarraituko dute elkarrekin honako ibilbidea eginaz: Ibargarai kalea, Herrilagunak, Domingo Irala, Irizar ibiltokia, Barrenkaletik San Martin plazara.

Arratsaldean gutunak batuko dituzte

19:00etan, berriz, Olentzero eta Mari Domingik egingo dute kalejira. Udal biltegitik abiatuta, erdiguneko kaleetan barrena kantuan ibiliko dira eta San Martin plazara iritsitakoan, umeotxoen gutunak batuko ditu Olentzerok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak