Krisi ekonomikoa bazter guztiak ukitzen ari da. Bada, San Pedro parrokiara ere iritsi da; Eraberritze lanak zeharo amaitu gabe ireki beharko ditu ateak. 2011ko ekainean hasi zituzten parrokia eraberritzeko lanak eta hiru fase aurreikusten ziren. Lehenengoan teilatu nagusia eta dorrea konpondu zituzten eta bigarren fasean gainontzeko teilatuak eta fatxada. Bada, hirugarren fasea, barruko eraberritze lanei zegokiena, momentuz bertan behera geldituko da diru faltagatik. "Erretaula eta besta egitura artistiko batzuek eraberritzea aurreikusten zen, baita argiteria aldatzea eta berogailua ipintzea. Horiek guztiak bertan behera geldituko dira momentuz", adierazi du Jon Molina parrokoak.
San Pedro berrizteko lanek hiru finantzazio iturri izan dituzte. Lehenengoa San Pedro parrokiaren patrimonioa eta hura saltzetik ateratako dirua. "Konbenio kalean eraikin bat geneukan eta baita Goenkalen ere. Horiek saldu egin genituen", dio Molinak. Bigarren iturria eliztarren eta norbanakoen aportazioak izan dira eta hirugarren erakunde publikoen diru-laguntzak. Azken hauek dira gehien murriztu direnak. Dena dela, parrokoak adierazi du ulertzen duela murrizketok gertatzea.
Barrua eraberrituko ez duten arren gutxieneko lan batzuk egingo dituzte. Esaterako zintzaren kontrako tratamendua egin dute eta argiteria hobetzeko lantxo batzuk ere egingo dituzte.
San Pedro egunerako zabalik
Eraberritze lanak zeharo amaitu gabe, baina, ekainaren 29an, San Pedro egunean irekiko ditu ateak berriro ere San Pedro parrokian. Bigarren faseko lanak martxorako amaituta egotea espero da eta ondoren denbora bat beharko da garbiketa lanak egin eta barrua egokitzeko. Parrokoak adierazi du gainera, asmoa dela eraberritutako parrokoa herritarrei erakustea eta egin diren lanen gaineko azalpenak egitea. Modu horretan eraberritzeko proiektua amaitzeko egin beharreko lanak egiteko laguntza ere lortu nahi da.
San Pedrotarrak beraz, ekainaren 29tik aurrera, Santa Marinara joan beharrik ez dute izango mezatara. Askok gustura hartuko dute berria.