Nafarroako elikagai artisauak izango dira protagonistak, zapatuan, San Antonioko plazatxoan. 10:30eran irekiko dute feria eta urtero bezala, Nafarroako elikagaiak erosi eta dastatzeko aukera egongo da plazatxoan jarriko dituzten postuetan.
Baina ez hori bakarrik. Azoka osatzeko eta borobiltzeko bestelako ekintzak ere egongo dira. 11:00etan txistulariek alaitutako kalejira egongo da eta 11:00etatik 13:00etara bitartean, elkarteen arteko V. sukaldaritza lehiaketa jokatuko da. Lehiakideek patatak bakailaoarekin prestatu beharko dituzte eta patatak, bakailaoa eta olioa antolatzaileen kontura izango da. Lehenengo sailkatuek txapela eta Naparbideak produktu sorta jasoko du, eta bigarrenak eta hirugarrenak, Naparbideak produktu sorta.
11:30ean meza egongo da kaperan eta musika ere egongo da ferian: 10:30etik 14:30era, Angie DJak musika jarriko du.
Alai taldea eta umeendako jolasak
13:00etan Gabonetako Postalen 8. lehiaketaren sariak banatuko dituzte eta 13:30ean, Alai Taldeak emanaldia egingo du.
12:00etatik 14:00etara umeendako poniak, zezentxoak eta jolasak egongo dira, eta nagusiagoendako, berriz, pintxoak Gure Ametsa elkarteak jarritako tabernan.
Napar Feriari amaiera emateko, antolatzaileek, feriako saltzaileek eta sukaldaritza lehiaketan parte hartutakoek bazkaria egingo dute, lehiaketan prestatutako patatekin.