Plataformako lau kide joan ziren batzarrera atez atekoaren ezarpen prozesua bertan behera uzteko eskatzera, eta horietako batek, Josu Leturiak, esandakoaren arabera, "batzarra ondo joan zen, eta bilketa sistemaren gainean iritzi oso ezberdina izan arren, era oso adeitsuan".
Leire Iruinek ere, Ingurumen zinegotziak, gauza bera azpimarratu du: "Bilera oso lasai joan zen, ondo; iritzi ezberdinak izanda, nork berea argudiatuta".
Zenbait puntu komunean
Bergara Garbiakoek hondakinen gaiaren gainean duten ikuspuntua azaldu zieten Jesus Elortza alkateari eta Leire Iruin zinegotziari eta bosgarren edukiontzia zergatik hobesten duten azaldu zieten. Gobernu taldeko kideek ere gauza bera egin zuten eta bi aldeek komunean zenbait puntu dituztela ikusi zuten. "Komunean gauza asko ditugu, eta puntu askotan ados gaude, gainera; hondakinekin dugun arazoarekin, esaterako", esan du Iruin zinegotziak.
Bergara Garbia plataformako ordezkari Josu Leturia ere iritzi berekoa da: "Gure ikuspuntuak mahai gaineratu genituen, eta, hainbat gauzatan ados ez gauden arren, beste batzuetan bagaudela ikusi genuen, oso agerikoak direlako. Esaterako, garbi geratu zen gaur egun egiten dugun edukiontzien erabilera ez dela egokia, edozein modutan botatzen ditugulako gauzak".