Francisco Etxeberria: "Memoria historikoaren gaian unibertsitateak ezin du albora begiratu, parte hartu behar du"

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko abenduaren 14a

Francisco Etxeberria (Beasain, 1957). Antropologoa, EHUko irakaslea, Aranzadi Zientzia Elkarteko presidentea… Auzitegi-mediku ezagun eta izendunetakoa. Torturaz, memoriaz historikoaz, unibertsitateaz… jardun dugu harekin. UNEDeko ikasturte hasiera ekitaldian izan zen, Bergaran.

Bergarako seme baten izena daroan zientzia elkarteko buru zara. Bergarako UNEDen eman izana berbaldia berezia da?

Ohore handia da Aranzadi Zientzia Elkarteko presidentea izatea; izan ere, 16 urte nituenetik nago bertan. Horren gaztetatik Aranzadin aritzeak eman dit aukera gauzak modu batera bizitzeko eta ikerketarako metodologia praktiko eta konkretuak ikasteko. Oso jende baliotsua ezagutu dut hemen. Esan izan dut Aranzadik balio duela bokazioak bideratzeko. Bestetik, sarritan erabiltzen dut ikasle eta agintarien aurrean Telesforo Aranzadiren esaldi hau: "Ezagutzen dutena bakarrik ikusten dute begiek; bilatzen dutena topatzen ez badute, esaten dute ez dagoela ezer". 

Unibertsitatean ere memoria historikoaren gaia egon beharra azpimarratu duzu. Zergatik?

Unibertsitatean diziplina guztiek dutelako tokia eta ikuspegiak diziplina askotarikoa izan behar duelako beti. Beste profesional batzuek beste ikuspuntu batzuetatik ere ekarpena egin dezatela beharrezko dugu. Historia hau ez da horren zaharra eta gaur egungo errealitatea baldintzatu du. Unibertsitateak ezin du alde batera begiratu. 

Hobiak lurpetik ateratzen, duintasunak berreskuratzen izenburuko berbaldia eskaini zenuen. Espainiako gerran fusilatutako hainbaten eta hainbaten hobiak lurpetik ateratzen zabiltzate azkeneko urteotan. Zer moduz?

Gure erantzukizuna da informazioa eskaintzea egia ezagutzeko. Justizia egiteko eta kalteak konpontzeko lehen zutarria egia da. Eta, egiaren bila, objektiboak eta inpartzialak izan behar dugu, baina ez neutralak. Ezin gara neutralak izan oinarrizko giza eskubideen urraketari buruz dihardugunean.

Zaila da gorpu horiek lurpetik ateratzea? Zein da zailtasun nagusia?

Gure zailtasun nagusia izan da ulertezintasuna. Gaur egun hori desagertu egin da, baina hainbat alderdi politikok beldurra adierazten dute, ezin dezaketelako kontrolatu herritar xume eta arruntek bultzatu duten fenomeno hau.

Adierazi duzu Auzitegi Nazionaleko auzitegi-mediku gehienak estaltzaileak izan direla beti…

Beti kritikatu izan dut Auzitegi Nazionaleko lege berezi batzuen ondorioz atxilotuek duten babes judizialik eza. Baina aitortzen dut ez dudala beharko nukeen bezain tinko, gogor edo ozen esan. Tortura ohiko norma izan da eta hala sinisten ez dutenak dira, Amnesty Internationalek dioen moduan, torturaren kontua sinistu nahi ez duten hiritar horiek, hiritar guztien erdiak, hain justu ere. Franco hil ostean ere torturak iraun baldin badu, asko ezkutatu egin dutelako izan da. Egunotan albiste da hainbat polizia katalan indultatu dituztela, tortura kasu larriengatik epaitu eta zigortu dituztenak. 

Auzitegi-mediku horiek gaur egun ere egia ezkutatzen ari dira?

Unibertsalki ezagunak diren protokoloak ezartzen ez badituzte eta baloiak kanpora botatzen ari badira, bai.

80ko hamarkadan gertu-gertutik jarraitu zenituen torturatuen salaketak, testigantzak… Oso ohikoa zen orduan torturatzea?

Eguneroko kontua zen, eta baita delinkuentzia komunean ere. Zelanbait esatearren, atxilotuari belarrondokoak eman eta zigorrak ezartzea ohikoa zen. Halako jazarpenak jasan dituztenen elkarretaratze bat egingo balitz, ez litzateke tokirik izango hauek batzeko.

Eta gaur egun existitzen da oraindik?

Egun, ez dut uste tratua bera denik. Hala ere, atxilotuen kudeaketa zulo beltz bat da eta politikariak horren jakitun dira. Gaur egun atxilotu batek gaua pasa dezake udaltzainen ziega batean manta zikin batek estalita?

Esan izan duzu epaileen eskuetan dagoela tortura kasuak irautea ala desagertzea. Zergatik?

Ikerketako efikazia handiko metodo osagarri bat delako. Eta, horri gehitu behar diogu polizien departamendu ezberdinetako hierarkian inor ez dela kontra egiteko gauza. Hau dena aldatzeko makineria geldoegia da.

Hiritartasun merituaren garaikurra eman zizuten iaz. Pozik?

Sariak dira Gabonetako otarreen antzekoak, jasotzen dituztelako erosi ahal dituztenek. Inork ez dio oparitzen Gabonetako otarrea benetan premia duenari. Eta  uste dut giza eskubideen gaineko sariak jaso beharko lituzketela nik baino lan handiagoa egin dutenek. Sariek eta garaikurrek famatu egiten zaituzte, baina hau ez da ona, erretiroa hartuta ez baldin bazaude, behinik behin. 

Zure lanak balio izan du hainbat ikerketa argitzeko. Kordobako bi umeen kasua da ezagunenetako eta berriena. Zela dago kontua?

Otsailean egingo da ahozko epaiketa eta uste dut gaia oso garbi dagoela. Auzitegi-medikuaren ikuspegitik gai erraza, argia, da. Eta horregatik bakarrik egindako guztiak merezi izan du. Beste kontu bat da polizien arteko nahasketa, gutxi batzuk haserrarazi dituena.

Eta ze iruditzen zaizu beste auzitegi-medikuak ez asmatu izana bi umerenak zirela Kordobako azienda hartan aurkitutako gorpuzki-hondarrak?

Ezjakintasunaren eta prestakuntza urriaren ondorio da. Edozeinek egin dezake hutsegiteren bat, baina tamaina horretakorik nik ez daukat gogoan.

Lasa eta Zabalarena izan zen beste aurkikuntza sonatu bat. Zela aurkitu zenituzten gorpuak?

Gogoratzen dut datu asko azaleratu zirela, eta arrasto batzuek Alacantera eroaten gintuzten. Ez nuen uste pista hark bide onera eroango gintuenik, ez neukan itxaropen handirik, egia esan. Baina zur eta lur geratu nintzen hezurdurak aurkitu genituenean. Egia azaleratzeko, ezinbestekoak izan ziren sentiberatasun berezia zuen agintari judizial bat eta familiakoen abokatuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak