Dagoeneko aurkeztu dituzte musikaleko protagonistak. Peter Pan-i bizia emango dio 12 urteko Aitor Garitanok eta ikuskizun egunerako prest eta ilusioz dagoela esan digu.
Proiektua herrira zabalduta
Aurten, gainera, proiektua herri guztira zabaldu nahi izan dute, eta Bedelkar komertzioen elkarteko dendariak eta herriko tabernariak ere proiektuan inplikatu dira.
Dendariek hilaren 22an marrazki lehiaketa bat deituko dute herriko ume eta gaztetxoendako eta Peter Panen inguruko marrazkiak aurkeztu beharko dira lehiaketara. Onenak erakusleihoetan jarriko dituzte ikusgai eta sariak banatuko dituzte.
Tabernetan, berriz, eguenero egiten den pintxo-potea aprobetxatuko dute Peter Panen proiektuarekin inplikatzeko. Hilaren 27an, eguena, tabernek Peter Panen inguruko pintxo berezi bat izango dute eta pintxo berezi hori Peter Pan musikalaren emanaldiko asteburura arte luzatuko da.
Hilaren 27an baita ere, urtero egiten den erakusleihoen lehiaketari indarra emateko, berrikuntza bat sartuko diote: Peter Panekin lotura duen objektu bat herriko erakusleiho baten ezkutatuko dute eta herritarrek objektu hori non dagoen aurkitu beharko dute. Hori urtarrilera arte luzatuko da eta parte hartzen dutenen artean sari bat zozketatuko da.