Asier Murua: "Talde gaztea garen arren, denboraldirako daukagun helburua konpetitiboak izatea da"

Mireia Bikuña 2012ko abe. 11a, 01:00

Asier Muruak (Elgoibar, 1976) bigarren urtea darama Soraluze Bergara BKE-ko saskibaloikoekin lanean. Jokalari izandakoa da, eta egun senior mailako mutilen eta kadete mailako nesken taldeak entrenatzen ditu. "Gustura" dagoela esan digu. Aste bukaeran jai izan dute. "Saskibaloia gustatu arren, partidu bako aste bukaerak asko eskertzen dira", dio.

Bigarren urtez diharduzu Bergarako saskibaloiarekin lanean, baina zu elgoibartarra zara.

Bai, hala da. Elgoibar taldeko jokalari izan naiz urte askoan. Orduko entrenatzaileak taldea utzi zuenean, niri egin zidaten eskaintza. Jokalari izateari utzi eta entrenatzaile lanetan hasi nintzen. Handik etorri nintzen Bergarara. Iaz junior taldearen arduradun izan nintzen, eta aurten senior mailako mutilena eta kadete mailako neskena. Bi urte daramat, eta oso gustura nago. Elkartean pertsona arduratsuak eta jatorrak topatu ditut. Saskibaloiaren alde lan handia egiten dihardute. Eta gainera, etxetik gertu nago.

Nola sentitzen zara hobeto: jokatzen edo entrenatzen?

Ez daukat jokatzeko beharrik. Jokalari izan diren lagunek askotan esaten didate gustura jantziko zituztela berriro zapatilak. Nik, ez. Jokalari nintzenean, pozik ibili nintzen, eta orain, entrenatzaile lanetan ere pozik nago. 

Lehen probintzialean diharduten senior mailako taldearen entrenatzaile zaitugu. Zer moduz doa denboraldia?

Oraingoz 10 partidu jokatu ditugu eta bakarra irabazi dugu. Zenbakiak begiratuta, denboraldi eskasa dela esan daiteke, sailkapenaren azken lekuan gaudelako. Dena den, bagenekien urte zaila izango zela. Jokalari gazteak ditugu. Esperientzia txikia. Gogor egin beharko dugu lan.

Asko aldatu da taldea iaztik?

Bai. Jokalari beterano batzuek taldea utzi zuten denboraldi amaieran. Gazte mailako bost jokalari igo ditugu, eta lehen urtea dute senior mailan.

Esperientzia eza aipatu duzu, baina zeintzuk dira taldeak dituen beste ezaugarriak?

Talde polita daukat: gaztea, baina polita. Azkar jokatzen dugu. Defentsa sendoa egin eta errebotea ondo ixten badugu, kontraerasoan irteteko baliabide asko ditugu. Joko polita egiteko taldea daukat, eta horrekin egin behar dut lan.

Bestalde, jokalari batzuek eta nik ez dugu maila ondo ezagutzen. Elgoibarren entrenatzen egon nintzenean bigarren mailan jokatzen genuen. Bigarrenetik lehenera aldaketa nabarmena dago, jokoan eta taldeen mailan.

Talde indartsuak daude. Harrobiko kategoriatan lanean diharduzunean, ez da alde handirik egoten batetik bestera. Baina seniorretara heltzerakoan, bai. Bigarren mailatik lehenengora igotzen zarenean, taldeak sufritu egiten du.

Gainera, astean bi entrenamendu saio bakarrik egiten ditugu, eta hori ere oztopo da taldearen hazkundean. Baina, 11 saskibaloi talde ditugu Bergaran, eta guztiek behar dituzte entrenamenduak.

Premisa horiekin, zein da denboraldirako helburua?

Konpetitiboak izatea. Gazteak gara eta ez daukagu esperientziarik, baina dakiguna egiten badugu, konpetitiboak izango gara. Hori da helburua: gure jokoa egin, taldea hobetu, disfrutatu, eta ahal den neurrian, partiduak irabazi [Barre]. Entrenamenduetan lantzen ditugun jokaldiak eta estrategiak partiduetan erakutsi behar ditugu.

Zurekin berba egin genuen azken aldian haserre zeunden epaileen lanarekin.

Bero-bero eta haserre nengoen. Etxetik kanpoko partiduetan, batez ere, Donostialdean, epaileek ez dute berdin zigortzen bi taldeen lana. Injustizia horrek amorrua ematen du, baina, garbi daukat, ezin garela epaileen lanari begira egon, edo epaileen lanari errua bota, partiduren bat galtzen dugunean.

Gure lana egin behar dugu, besteek egiten dutenari begira egon barik. Epaileen lanari begira bagaude, irabazteko baino askoz gauza gehiago izango ditugu galtzeko.

Kadete mailako neskak ere entrenatzen dituzu. 

Bai. Seniorrak eta kadeteak, eta mutilak eta neskak. Baina, lana berdin-berdin egiten dut. Entrenatzaile gutxi gaude elkartean, eta denon artean banatu ditugu taldeak.

Zer moduz neskekin?

Oso ondo. Talde jatorra da eta giro ona daukagu. Gainera, ikasteko gogo handia daukate, eta hori antzeman egiten da.

Harrobiko mailatan, infantil, kadete eta gazte mailan entrenatzea errazagoa da. Goiko mailatan dauden jokalariak  ohitura txar asko dituzte, eta horiek aldatzea oso zaila izaten da. Harrobian errazagoa da. 

Dena den, entrenatzaile moduan asko ikasi dut egon naizen maila guztietan. Jokalariek nigandik ikasi dute, eta nik haiengandik.

Bergarako saskibaloia sasoitsu dagoela esan genezake?

Bai. 11 talde ditugu, eta horrek erakusten du harrobiarekin lan polita egiten dela. Harrobia zaindu behar dugu etorkizuneko jokalariak hezteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak