Nahiz eta Muniategiren mutilek partidu ona jokatu, norgehiagokaren lehenengo minutuak lo hasi dute eta hirugarren minuturako Urdulizek 0-4 irabazten ari zen. Bergararrak momentu horretan konturatu dira partiduak duen garrantziaz eta defentsa lanak ondo antolatzearekin batera, eskubaloian jokatzen hasi dira.
Horrela, 15. minuturako, zortzina berdintzea lortu dute. Momentu horretatik aurrera, Muniategiren mutilek markagailuan aurre hartu eta geratzen ziren minutuetan abantaila mantendu eta handitzea lortu dute. Atsedenaldirako, talde urdinak lau goleko aldea zuen (15-11).
Bigarren zatian, jokaldi luzeak
Aldageletatik irten ostean, Bergarako jokalariek lortutako aldea mantentzeko helburua finkatu dute, eta horretarako defentsan estutu eta erasoko jokaldi luzeak egiten hasi dira. Urdulizek kanpoko jaurtiketak egiteko jokalarik gutxi dituenez, etxekoak eroso sentitzen hasi eta bizkaitarren erasoan egindako akatsak kontraerasoak egiteko aprobetxatu dituzte. Gauzak horrela, atsedenaldian lau goletako aldea zena partiduaren bukaeran bederatzi goletako aldean bihurtu da (29-20).
Egindako lanarekin pozik
Partiduaren bukaeran jokalariek egindako lanarekin pozik agertu da Josetxo Muniategi. Entrenatzailearentzat, ligan estutasunik ez izateko ezinbestekoa zen Urdulizeri irabaztea eta nahiz eta hasiera kaskarra egin, partiduaren bigarren zatian defentsan egindako lana eta taldeak baloia jokatzeko orduan izandako lasaitasuna nabarmendu ditu.