Neska-mutikoek apainduko dute Bergara aurten

Ubane Madera 2012ko abenduaren 8a

Aurten Gabonetako apaingarri bereziak ikusiko ditugu Bergarako kaleetan: herriko neska-mutikoek egindakoak. Pare bat asteburu pasa dute zeregin horretan, Jardun elkartearen babespean. Datorren asten hasiko dira apaingarriok ipintzen, besteak beste, Boni Laskurain eta Domingo Irala kaleetan, eta eraikin publikoetan, udaletxean, kultura etxean eta Irizar jauregian, adibidez. Eskuz egindako apaingarriak izateaz gainera, birziklatutako materialarekin egindakoak dira.

Plastikozko botilekin egindako izarrak, CD distiratsuekin egindakoak, kafe makinetako edalontzitxoz osatutako bola erraldoiak, eskuz margotutako kanpaiak… Jardun elkartekoek modeloak jarri, eta haiek oinarri hartuta, buru-belarri eta lagun arteko giroan lan eta lan ibili ziren atzo iluntzean Bergarako neska-mutiko ugari Munibe plazan, karpapean, euriarengandik babesteko.

Herria denon artean apaindu

Helburua, Gabonetako apaingarriak egitea izan dute, aurten lehen aldiz. "Guretako inportantea zen denon artean herria apaintzea, birziklapena bultzatzen. Hau tailerrak egiten dugun bigarren astea da eta honekin amaitutzat emango dugu. Datorren astean hasiko gara apaingarriak ipintzen", kontatu du Maren Belastegi Gazteria zinegotziak.

Eskerrak ere eman gura izan ditu zinegotziak, lortutako partehartze handiarengatik: "Aurrekoan jende piloa elkartu zen, eta gaurkoan ere dezente elkartu da; beraz, nahiko nieke guztiei eskertzea, herria Gabonetarako apaintzen laguntzearren".

Gustura eta ilusioarekin

Eta herria guztion artean apaintzeaz gainera, ilusioarekin eta gustura jardun dute neska-mutikoek: "Kostatu zait, baina gustura geratu naiz emaitzarekin. Ilusioa egingo dit kalean ikusteak eta etxerako ere egingo dut zerbait", kontatu du Pello Gallastegik. "Gabonetan ipintzeko izar bat egin dut. Gustatuko zait ikustea herrian nik egindako lana zintzilik. Originala da guk egitea. Lagunekin batera etorri naiz", kontatu du, berriz, Izar Curado neskatilak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak