Plan estrategikoaren gaineko bilera egin du Talde Iraunkorrak

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko abenduaren 5a

Zapatuan batu ziren, 15 lagun, alde batetik, aurtengo betetze maila baloratzeko eta, bestetik, 2013ko ildo nagusiak zehazten laguntzeko.

Urtea bukatzear dagoela, 2010-2020 epealdiko Plan Estrategikoaren jarraipen lanak egiteko Herritarren Talde Iraunkorra bildu nahi izan du Udal gobernuak. Horretarako batzarra deitu zuen aurreko zapatuan, abenduaren 1ean, alde batetik, aurtengo helburuen betetze maila aztertzeko eta baloratzeko; eta bestetik, datorren urterako ildo nagusiak zehazten laguntzeko.

Herritarren ekarpenak

Osoko bilkuren aretoan egin zuten batzarra eta Talde Iraunkorreko 15 kide elkartu ziren.Elhuyar aholkularitza taldeak bideratutako lau orduko lan-saioan, hainbat ondorio atera zituzten, ondoren, datorren urteko Kudeaketa Plana egiteko kontutan hartuko direnak. Ekimen horren bitartez, herritarren ekarpenak eguneroko kudeaketan kontuan hartzen direla bermatu nahi du Udal gobernuak.

Aurrekoaren jarraipena

Bergara 2010-2012 Plan Estrategikoa txostena herritarren parte-hartze zabalarekin osatu zen aurreko agintaldiaren bukaeran. Gero, 2011n oraingo Udal gobernu taldeak bere agintaldira ekarri nahi izan zuen plan hori eta beste parte-hartze prozesu bat ireki zuen 2011ko udazkenean, planeko ekintzak zehazteko asmoz.

Azken horren ondorioak iazko azkeneko osoko bilkuran aurkeztu zituzten herritarrek.

2012 urtea hastearekin batera herritarrekin osatutako Plan Estrategikoa Udal langileei aurkeztu zitzaien, eta berau osatzeko gonbita luzatzeaz gain, bertan ezarritako helburuak gauzatzeko 2012ko Kudeaketa Plana egiteko eskatu zitzaien.

Udal gobernutik azpimarratu dutenez, lehendabiziko aldia da Bergaran herritarren parte-hartzearekin Plan Estrategiko bat egin dela eta, "egoera ekonomikoak hainbat proiektu egitea galarazi dezakeen arren, badira beste hainbat, antolaketa ingurukoak bereziki, aurrekonturik barik egin daitezkeenak".
Hori horrela izanik, Udal gobernuaren nahia da "krisiak planean eragin ditzakeen ondorioak ahal den heinean leuntzea eta bideragarriak diren proiektuak bultzatzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak