Bada, unibertsitaterako egindako film laburra Gaztezulo aldizkariaren Hi eta hire munduak bideo lehiaketara aurkeztu zuten, eta lehenengo saria eskuratu dute: "Esperientzia oso aberasgarria izan da Ateak film laburra egitea, eta saria, nolabait, propina bat izan da", kontatu digu bergararrak.
Bergarar asko tartean
Asier Kortabarria ez da proiektu horretan parte hartu duen bergarar bakarra. Izan ere, figurante lanetan ibili dira Ana Madinabeitia, Mikel Aginagalde eta Ander Barruso. Azken horrek, gainera, filmaren marrazkiak eta kartela egin ditu. "Lehenengo aldia izan arren, ondo ibili ziren kamera aurrean. Orain, saria irabazita, pote batzuk hartzera gonbidatu beharko ditut", dio, barrezka, bergararrak. 1.500 euroko saria irabazi dute lau taldekideek.
Itziar Lazkanoren kolaborazioa
Ideiaren originaltasunaz haratago, aipatzekoa da lanaren kalitatea eta emaitza bikaina, detaile txikiz josia. Gainera, profesional handi batekin lan egiteko aukera izan dute, Itziar Lazkano aktore ezagunarekin: "Aktore profesional batekin lan egitea luxua da, alde batetik, baina baita erantzukizuna ere. Grabazio eguna iristean Itziar oso gertuko eta adeitsu agertu zen, eta oso erraza izan zen harekin lan egitea".
Aktore ezagun batekin lan egiteko aukera, sari potoloa... benetan izan da esperientzia borobila, Ateak filmeko lantaldeak erraz ahaztuko ez duena. A! Eta badakizu, unibertsitateko geletako ateak jo eta ikasleen eguna poztera dedikatzen zaren horretakoa bazara, jarraitu horrela.
