Argi barik baina herritarrekin batera apainduko du Udalak herria

Arritxu Barruso 2012ko abenduaren 3a

Udalak bizi duen egoera ekonomiko konplikatua dela-eta Gobernuak erabaki du aurten Gabonetan argiteria berezirik ez ipintzea herrian. Dena dela, Udal Gobernuko ordezkariek adierazi dute apaingarririk ez dela faltako eta ahal den neurrian behintzat herriari Gabonetako giroa ipintzen ahaleginduko direla.

Argirik ipini ez arren, 6.000 euro inguru inbertituko ditu Udalak apaingarriak erosteko. Herriko hamar gunetan ipiniko dituzte apaingarriok. Ingurumen zinegotzi Leire Iruinek azaldu du tela berezi batzuk ipiniko dituztela: “Bela forman ipiniko ditugu, triangeluak dira, eta bertatik zintzilik egongo dira bola handi batzuk”. 

Auzolanean egindakoak
Erositako apaingarriez gain birziklatutako materialekin egindako apaingarriak ere ikusi ahalko dira herrian. CD eta DVDeekin udal eraikinetako balkoiak apainduko dira –Irizar jauregia, kultura etxea eta udaletxea–; kafe makinetako plastikozko edalontziekin bola handi batzuk egin dituzte eta plastikozko botilekin berriz, izarrak. 
Apaingarri horietako batzuk atez ateko informazio bulegoaren inaugurazio egunean egindakoak dira. Udala oso pozik dago herritarrengandik jasotako erantzunarekin: “Argi geneukan auzolanean eta herritarrekin batera apaindu nahi genuela aurten herria, baina ikaragarria izan da alde guztietatik jaso dugun laguntza eta babesa. Pasa den egubakoitzean 80 neska-mutiko etorri ziren apaingarriak egitera eta tailerra errepikatzeko eskatu ziguten. Oso esperientzia polita izan zen”.

Edalontziak eta botilak lortzeko enpresengandik eta jatetxeengandik jasotako laguntza ere eskertu nahi izan dute: “2.000 edalontzi eraman genituen tailerrera eta jendeak jarraitzen du kultura etxera eta udaletxera botila eta edalontziak ekartzen”.

Egubakoitzean berriz
Udalak erabaki du bigarren tailer bat egitea egubakoitzean Munibe plazan. 17:00etatik 19:00etara izango da eta herritar guztiak daude gonbidatuta.

Bedelkarren eskaintza bereziak

Merkatariak ere Gabonetara begira ipini daude eta dagoeneko prest dauzkate abenduan egingo dituzte eskaintza bereziak eta zozketak. Bedelkarreko dendetan erosketak egiten dituztenen artean hainbat sari banatuko dira zozketa bidez; 500 euroko sari bat eta 200 euroko bost sari. Diru hori Bedelkarreko dendetan erabiltzeko izango da. Horrez gain, abenduaren 1etik 20era Bedelkarreko txartela erabiltzen duten erosleen artean 12 otarra zozketatuko dira.

Bergarako Musika Eskolakoek Peter Pan musikala egingo dute abenduaren 29an eta 30ean Udal Pilotalekuan. Bada, Bergarako dendariek herria musikalerako girotzen lagunduko dute. Hori horrela, marrazki lehiaketa antolatu dute herriko ikastetxeekin batera. Parte-hartzaileek Peter Panekin lotutako marrazkiak egingo dituzte eta Bedelkarrek abenduaren 22an emango du kategoria ezberdinetako irabazleen berri. Abenduaren 22tik 29ra gero, lehiaketan parte hartutako marrazkiak ipiniko dituzte Bergarako dendetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak