Taldea Elgoibarkoa izan arren, bi bergararrek hartzen dute parte ikuskizunean. Jon Olivares osintxuarrak, gainera, paper garrantzitsua du, bera da-eta protagonista nagusia: Flofli pailazoa.Ana Moñux da antzezlanean parte hartzen duen beste bergararra. Hitz batzuk egin bai, baina batez ere, klarinetea jotzea da bere zeregina.
Flofli lan bila dabil
Egoera ekonomiko larrian eta publiko gabeko zirku batean lanik gabe zegoen Flofli izeneko pailazoa lan eske agertzen denean hasten da antzezlana. Zirkuko zuzendariak Rusini zirkua pailazorik gabeko zirkua dela esan zion, zirku serioa dela nabarmendu eta barreak zirku horretan lekurik ez zuela esan zion. Flofliren ikuskizunak bere burua zuzenean urkatzean datza eta, grazia handirik ez duenez, zirkuan lekua duela uste du Floflik berak. Nahiz eta zuzendariak joateko esan, Floflik bertan geratu eta zirkuaren jabearen alaba, Bioleta akrobata itsua ezagutzen du. Bien artean zerbait sortu eta zuzendari aukera bat emateko eskatzen diote.
Flofli, pixkanaka, zirkuko elementu guztiak eta euren bertute eta, batez ere, miseriak ezagutzen joaten da. Tartean, Goliat gizon indartsua eta Bioletaren mutil laguna ezagutzen du eta berarekin lehenengo liskarra izaten du. Baina dena ez da miseria eta Kasimiro bala-gizon maitagarria, Andrea malabarista eta Tonisko domadorea ezagutzen ditu eta zirkuko langileen artean integratzea lortzen du.
Egoerak okerrera egin zuen
Halako baten, egoerak txarrera egiten du ogasuneko agenteak zirkuak dituen zorrak kitatzeko azaltzen direnean. Baina momentu horretan, pertsonaia guztiak elkartu eta zirkua defendatzea lortzen dute. Poztasun horrek ez du asko iraungo eta ogasuneko langileak zirkuaren ondasunekin zorra kobratzen hasten dira. Orduan Goliatek zorrak kentzeko, herentzia batean jasotako lurrak eskaintzen ditu, hori bai, baldintza batekin: Bioletarekin ezkontzea. Bioletak baina, ez du presioa jasango eta istripua izaten du. Istripuaren ondorioz, ospitalera eramaten dute eta ikusmena berreskuratzen du.
Bioletak, ikusmena berreskuratuta, errealitatea ikusi eta alde egitea erabakitzen du eta ogasunak zirkua desegin egingo du. Goliat, Flofli eta Kasimiro ezer gabe geratu eta Queen taldeak esan zuen moduan, Show must go on, ikuskizunak jarraitu egin behar du, eta zirku berria prestatzen hasten dira.