Iazko Toberaren epaia bete da: jarri dute lehen garbigailua Bergaran egin dela dioen plaka

Maider Arregi 2012ko abenduaren 2a

Eguerdian, Bergaran lehen garbigailua egin zela baieztatzen duen plaka jarri dute. Kasua itxita, orain Oñatiko herriari pasa diote testigua. Hala, hurrengo Tobera, Oñatin egingo da -Kiroldegian– eta Debagoieneko herriek, Oñati epaituko dute Oñatiren inkomunikazioa interesatua dela egotzita. Errugabea edo erruduna ote Oñati? Erantzuna, ohi moduan, Inuzente egunean, abenduaren 28an, egingo den bigarren Toberan izango duzue.

Bisita gidatua

Arrasatearrek, Bergara sakonago ezagutzeko aukera izan dute. Joxe Mari Larrañagarekin, bisita gidatu berezia egin dute-eta Bergarako etxe ederrak kontenplatzeko. Arrasatearrak eta Bergararrak, tonu umoretsuan ikusi ditugu Bergarako herrian erdialdeko hirigunearen historia ezagutzeko gogotsu. Toberako, Fiskala, Abokatua eta Epaile nagusia, bertan izan dira jarraipena egiten. "Arrasatearrek onartu dutela Bergaran lehen garbigailua egin izana ospatzera etorri gara. Kultura garrantzitsua da; bide batez Bergara ezagutzeko aukera ere izan dute", dio Larrañagak.

Lehen garbigailuaren plaka jarri dute

"Ikerketa zientifikoek kontrakoa esaten ez duten bitartean, Debagoieneko lehen garbigailua Bergarako herrian egin zen", baieztatzen du Herriko plazan jarri duten plakak eta epaiak.
Arrasate eta Bergararen arteko Tobera beraz, argituta geratzen da honenbestez.

Entseguak

Asteburuan egin dute Oñatiko ETEO-ko eraikinean lehen entsegu orokorra. 25 lagun inguruk parte hartuko du Toberan, hilaren 28an. Azken hilabete honetan, lanari forma eman eta gidoiari azken ukituak emango dizkiote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak