Zer da Som Energia?
2010ean Katalunian sortutako energia kooperatiba da Som Energia. Harrezkero, tokiko hainbat talde sortu dira Estatu osoan zehar, kooperatiba beraren barruan. Duela aste batzuk gure bailaran Som Energiako bazkide ginen lagun batzuk bildu ginen eta hemen martxan jartzeko gogoz gabiltza.
Zein da zuen asmoa?
Merkatu elektrikoaren funtzionamenduaren inguruko informazioa zabaldu nahi dugu, haren akats nagusiak zeintzuk diren erakutsi eta jendeari kontzientziarako bidea zabaldu. Gure esku zer egin badago, eta jendea horretaz jabearazi nahi dugu. Finean, inguruko herrietan difusioa egitea eta tokian tokiko aukerak eta baliabideak aztertuz aldaketarako posible diren urratsak bultzatzea dira gure helburuak.
Sektoreko ohiko konpainien zenbait funtzio hartuko dituzue, baina zuena kooperatiba da. Zer dela eta kooperatiba?
Energiaren erabilera egokia egitea guztion betebeharra eta ardura da. Eta horretan lan egiteko eta ondo funtzionatzeko era onena kooperatiba gisa aritzea dela uste dugu. Som Energia, poliki-poliki, energia berriztagarrizko tokiko proiektu txikiak sortzen eta bultzatzen ari da. Gainera, Europa mailan, primeran funtzionatzen duten kooperatiba energetikoen eredu ugari dago eta emaitza oso onak ematen ari dira.
Kooperatiba moduan aurkeztea, beraz, lagungarria izango da.
Zalantza barik. Eredua gustuko dugu eta praktikan ikusi dugunagatik egokia izan daitekeela uste dugu. Izan ere, bazkide bakoitzaren parte-hartzea berma daiteke, denon hitza errespetatuz eta erabakitzeko aukera berdintasuna bultzatuz.
Zein da gaur egungo egoera energia kontsumoari dagokionez?
Momentu honetan, Estatu mailan, merkatu elektrikoaren geruza guztiak hiru oligopolioren eskuetan daude: Endesa, Iberdrola eta Gas Natural-Fenosa. Nahiz eta teorikoki merkatu elektrikoa liberalizatuta egon, hiru oligopolio hauek dira beraien interesen arabera erabakiak hartzen dituztenak. Ondorioz, prezioekin ere nahi dituzten gorabehera guztiak egiten dituzte. Horrez gain, 2011ko datuen arabera, Estatuak kontsumitutako energiaren %84 atzerritik lortu zen. Honek dependentzia izugarria dakar ordainetan.
Honen aurrean, Som Energiak zer proposatzen du?
Som Energiaren helburuak ezberdinak dira. Batetik, Estatuan nagusi diren oligopolio horiek bultzatutako sistema bukatu eta beste modu batera bideratzea. Bestetik, arrazoi ekologikoak direla eta, energia berriztagarrien aldeko apustua egin nahi da. Hori bai, tokian tokiko baliabideen erabilgarritasuna eta probetxua ateratzea bermatzen dutenak. Alegia, eredu deszentralizatu baten alde egin nahi da.
Zuek, zuen aldetik, gurean bide berari heltzeko gonbita egin nahi duzue?
Momentu honetan, Som Energia komertzializazioaren geruzan sartu da. Baina, poliki-poliki, bazkideen bidez lortutako kapital sozialarekin eta inbertsio partikularrekin, zenbait proiektu garatu ahal izan dira. Egun, zazpi proiektu daude martxan, guztiak Katalunian, bertan baitago bazkide kopuru handiena. Aitzitik, pixkanaka-pixkanaka beste leku batzuetara zabaldu nahi dugu. Estatuan bizi den edozeinek kontrata dezake argia Som Energiarekin.
Bezeroak nola ziurta dezake etxera iristen zaion energia berdea dela?
Etxera iristen zaigun energia osoa era berrizgarrian sortu dela ziurtatzea ezinezkoa da gaur egun. Sortzen den energia guztia (nuklearra, berriztagarria ...) sarera injektatzen da zuzenean eta ez daukagu bereizterik. Hala ere, energia kuotak zeintzuk diren edota sortzen den energiaren zein batez besteko den berriztagarria jakiteko, badago aukera. Datuok eskuetan izanda, apurka-apurka energia berriztagarrien eskaria geroz eta handiagoa izatea da helburua, honek sortzaile berriztagarriak bultzatuko ditu eta.
Nola izan eskura beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak zein azpiegiturazkoak?
Kooperatiba izanik, Som Energiaren baliabide ekonomikoak bazkideengandik datoz. Batetik, bazkide egin ahal izateko eskatzen den 100 euroko kapital sozialetik; bestetik, kontsumitzaile bezala dauden irabazietatik; eta, azkenik, egiten diren banakako inbertsioetatik. Martxan jarritako azpiegiturak txikiak izan dira; teilaturen batean instalatutako plaka fotovoltaikoak, esaterako. Ez dago azpiegitura erraldoietarako asmorik, ez baita hori gure filosofia.
Posible al da norberak sortutakoa baino ez kontsumitzea? Alegia, hori nahikoa izatea?
Norberak sortzen duena kontsumitzea helburu ideala izango litzateke, baina egungo sistemarekin ezinezkoa da hori lortzea. Gure helburua horretara ahalik eta gehien hurbiltzea da. Horretarako, hasierako kontzientziazioa beharrezkoa da.
Alde ekonomikoari begira, energia berriztagarrien erabilpena merkeagoa ala garestiagoa da?
Energia prezioak nahiko antzerakoak dira. Eraginkortasun aldetik, beste konpainia guztien berdina izango da; izan ere, guk ez dugu banaketarik egiten; oraingoz, komertzializatu bakarrik egiten dugu.
Aldaketak tramite asko eskatzen al du?
Webgunean (http://www.somenergia.coop/) dagoen formulario bat betetzea baino ez daukagu. Behin bazkide izanda, kontsumitzaile bilaka gaitezke. Beste tramite guztiak Som Energiak gestionatzen ditu 1-2 hilabeteren buruan.