Zaintza partekatua eta indarkeria matxista oinarri dituen mozio bi onartu dira

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko aza. 30a, 13:00

Biak ala biak onartu zituen udalbatzak, aho batez, astelehenean egindako ohiko osoko bilkuran. Bestalde, EAJk aurreko astean eskatutako atez atekoaren gaineko ezohiko pleno monografikoa egitea ere erabaki zen.

Emakumeenganako indarkeriaren kontrako nazioarteko egunaren harira, Bilduk, Aralarrek eta EAJk mozio bateratua aurkeztu zuten astelehenean egindako ohiko osoko bilkuran, eta aho batez onartu zuten, baita alderdi sozialistak ere.

Modu horretan, bikote zein bikote ohi eremuan ematen diren etengabeko tratu txar fisiko eta psikologikoak salatu egin ditu udalbatzak. Emakume izate hutsagatik kolpe, jipoi eta heriotzak gertatzea onartezina iruditzen zaie. Bestalde, krisiaren baitan zerbitzu publikoen murrizketek –bereziki zaintzari dagozkionak– biolentzia arriskua handitu dezaketen bulnerabilitate egoerak sortzen dituztela ere salatu dute. Batik bat obedientzia eta sumisioan oinarritutako harremanetan, hain zuzen.

Horrekin guztiarekin, udalbatzak honako konpromisoak hartu ditu: batetik, indarkeriari aurre egiteko politika integralari dagokionez, mota desberdinetako neurriak hartzea, besteak beste, heziketan oinarritutako prebentzio neurriak, eraso baten ondorengo neurri asistentzialak edota erantzun soziala artikulatzeari begirakoak. Bestetik, emakumeenganako indarkeriaren aurkako udal politika aktibo, osoa eta koordinatua garatzeko konpromisoa ere hartu dute, hitzetatik ekintzetara pasatuz, bere eskumenen esparruan eta indarrean dagoen legedia aplikatuz. Hori horrela, ahalegina egingo dute indarkeriaren biktima diren emakumeendako arreta programa guztietan aurrekontuak mantentzen. Azkenik, konprometitu dira, autodefentsa feministaren beharra transmititzera eta emakumeak animatzera lanketa bereziak egitera eta horretarako bitartekoak jartzera.

Gurasoen erantzukidetasuna

Guraso eta seme-alaben arteko bizikidetza apurtzen den kasuetarako Kidetzak –Euskal Herriko ama eta aita banatuen federazioa– legebiltzarrera eramandako Gurasoen erantzukidetasun eta familia harremanen lege proposamenaren gaineko beste mozio bat ere aurkeztu zuen EAJ alderdiak osoko bilkuran; udalbatzak, aho batez, onartutako mozioa.

Mozioak jasotzen duenez, adin txikikoen eskubideak bermatu egin behar dira eta gurasoak erantzule egin behar dira, neurri berdinean, adin txikikoaren garapenaz. Hori arautzea komeni da, eta horregatik proposatu dute gurasoen erantzukidetasuna.

Atez atekoaren monografikoa

EAJk eskatutako atez atekoaren gaineko ezohiko osoko bilkura monografikoaz ere aritu ziren. Eskariari erantzunez Jexux Elortza alkateak esan zuen gobernuak ez duela "arazorik egiteko", baina oraindik plangintzaren "zirriborroa" baino ez dutela eta bilkurara hori eramatea ez duela egoki ikusten. EAJren aldetik Oiarbidek erantzun zion "denbora asko" dela "informazio eske" dabiltzala. Badakitela, esaterako, Mankomunitateak esleipen batzuk deitu dituela eta gehitu zuen: "Nahiz eta zirriborra izan, zuen planteamendua zein den jakin nahi dugu". Alkateak "zehaztuko dugu eguna eta egingo dugu", erantzun zion.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak