Plaza jolasez beteko da Euskararen Egunaren harira zapatuan

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko azaroaren 29a

Hitz gurutzatuen lehiaketa, zapatuan, 11:30ean hasiko da eta ordu erdi lehenago eman ahal izango da izena izena. Jolasak eta kantu-jira ere egongo dira arratsaldean.

Euskararen Egunarekin lotuta, hainbat ekitaldi izango dira zapatuan, abenduak 1, eta astelehenean, abenduak 3, gurean.

Hitz gurutzatuak

Zapatuan, 11:30ean, Hitz Gurutzatuen lehiaketa izango da Munibe plazan. Oinarrietan jasotzen denaren arabera, jokoa hiztegi eta guzti egin ahal izango da eta Euskara batzordetik jakinarazi dute gurutzegrama errazak izango direla eta jendea parte hartzera animatu nahi dute.

Helburu horrekin, izena emateko epea zabaldu egin dute eta zapatuan bertan, 11:00etarako, Munibera joanda ere izena eman ahal izango da.

Bi kategoria bereiziko dituzte: A kategorian, 12 eta 16 urte artekoek hartuko dute parte. B kategorian, 17 urtekoak edo zaharragoak sartuko dira.

Jolasak zapatu arratsaldez

Zapatu arratsaldean, bestalde, era guztietako jolasak izango dira San Martin plazan 17:00etan hasita eta egunari amaiera emateko, 19:00etan, kantu-jira izango da plazatik abiatuta.

Eskutik proiektua astelehenean

Abenduaren 3an, kirola eta euskara lotzen dituen bi esperientzia interesgarri aurkeztuko dira Pleno Aretoan, 19:00etan.

Alde batetik, Igor Arenazak eta Erik Vadillok Aretxabaletako Kirol elkartean hasi eta orain bailarako beste herrietara zabaltzen ari den proiektu bat aurkeztuko dute: Eskua proiektua, kirola errespetuarekin, euskararekin, ingurumenarekin... lotzen duena.

Bestetik, Bergarako Udaleko teknikariek Agorrosingo ikastaroen hizkuntza kudeaketa aurkeztuko dute.

Gazteei dei egin diete

Udaleko Gazteria eta Hezkuntza zerbitzutik herriko gazteei zapatuan egingo diren ekitaldietan parte hartzeko gonbitea ere luzatu nahi izan diete. Hori horrela izanik, Zabalotegi aretoan antolatuta dagoen dj jaialdiaren hasiera ordua ordu erdiz atzeratuko dute; 19:00etatik 21:30era izango da jaialdia, hain zuzen ere.

Era berean, Xabalote gaztelekua ere egun horretan 17:00etan ireki beharrean 19:00etan irekiko dute, Gazteria eta Hezkuntza zerbitzutik aurreratu dutenez.

Osintxun ere ekitadiak

Osintxu auzoan ere ekitaldiak antolatu ditu hango Euskara batzordeak Euskararen Eguna ospatzeko.

Zapatuan izango dira ekitaldiok: 11:30ean euskara gai duen mural erraldoia marraztuko dute –umeek amantala eramatea komeni da–; 17:00etan, haurrendako jolasak eta txokolatada egongo dira; 19:30ean, Osintxuko trikitilariekin poteoa egongo da; eta 21:00etan, berriz, kantu afaria egingo dute, Txuringo jatetxean, Arnok lagunduta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak