Matxiategi kaleko hiru plazatxoetan zeuden zuhaitzek lurzoruan eta asfaltazioan eragiten zituzten kalteak zirela eta, duela pare bat urte egoerari nola aurre egin aztertzeari ekin zion Udalak. Gainera, auzotarren aldetik ere konponbide bat eskatu izan zaio Udalari, izan ere, zuhaitzen adarrek kalteak eragiten zituzten zenbait etxebizitzatako balkoietan.
Egoerari irtenbidea bilatzeko azterketa abiatu zenean zuhaitzak bertan mantentzeko asmoa bazegoen ere, zuhaitzen osasun egoeraz egindako azterketek ondorioztatu zuten horien egoera fitosanitarioa ere kaxkarra zela.
Arrazoi horiek guztiak kontuan izanda, plazatxo horien egitura aldatzeko proposamena egin zen, zuhaitzak eraitsita eta egungo txorkoak estalita. Zuhaitzak aste honetan eraitsi dira eta datozen asteetan estaliko dira txorkoak.