Gaur hasi eta domekara bitartean Debagoieneko gaztetxeen jardunaldiak

Maider Arregi 2012ko azaroaren 29a

Laugarrenez antolatu dituzte Debagoieneko Jardunaldiak. Aurten, Bergarako gaztetxean egingo dituzte –aurrekoak bi Arrasaten egin dira eta bat Oñatin–.  Helburu nagusiak, bi dira: bailarako gaztetxeetako, gazte asanbladetako eta inguruko eragileetako jendeak elkar ezagutzea, eta bestetik, gai sozial eta politikoetan formazio teorikoa lortzea. Hilaren 29an, Bergarako Irizar Jauregian egingo den hitzaldiak emango die hasiera jardunaldiei.

Bergarako gaztetxean egingo dira jardunaldi denak, lehena ezik. Hilaren 29an emango zaie hasiera Irizar Jauregian Emilio Lopez Beltzaren liburuarekin: ETA-ren historia armatuaren estrategiaz. Liburua Lopezek 1980tik 2011ra idatzitako iritzi artikuluen memoria da.

Azaroaren 30ean, bi jardunaldik hartuko dute lekua. Batetik Zer daukagu fracking-aren aurka? hitzaldia. Bestetik Ipar Koreari buruzko beste ikuspegi bat solasaldia egingo da Ipar-Korean bizi izan den euskal herritar baten eskutik, 18:00etan hasita. Ondoren afaria egingo dute.

Abenduaren 1ean, 11etan hasita, hiru jardunaldi egingo dira: Elikadura burujabetza; kapitalismoari kritika eta Herrien erantzuna izenekoak Paul Nicholson-ek gidatuta. Ondoren, Iosu Uribetxeberriaren kasuaren inguruko solasaldia egingo da Herrira taldearen eskutik.

Antzuolako eta Oñatiko gaztetxe berrien aurkezpena ere egingo dute. Eta gaia borobiltzeko, Generoa eta gaztetxeak hitzaldian Euskal Herriko gaztetxeen gaineko azterlana aurkeztuko dute. Eguna borobiltzeko Turboshit bergararren eta Zuen Azkena talde oñatiarraren doinuak izango dira zuzenean.

Jardunaldiekin amaitzeko domekan, abenduaren 2an, beste bi jardunaldi izango dira. Goizean hiru orduko ibilaldia egingo da AHT-ren obrekin egiten ari diren txikizioak gertutik ikusteko. Arratsaldean berriz, Joseba Azkarraga MU-ko irakasleak bere Euskal Harriak liburuaren aurkezpena egingo du.

Josu Uribetxeberria

Jardunaldietan tarte bat eskainiko diote Josu Uribetxeberria preso ohi arrasatearraren kasuari. Udaran, Espainiako hedabideek eman dioten tratamenduaz jardungo dute. "Astakeria asko entzun dira Uribetxeberriagatik", azaldu dute jardunaldiko antolatzaileek. Horregatik gonbidatu dituzte Herrira taldeko kideak, gertatutakoaz berba egiteko eta gertuagoko testigantza osatuagoak jasotzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak