Larraitz Ugarte: "Gizarteari eman diogu lehentasuna eta aurrekontuen ia erdia politika sozialetara bideratuko dugu"

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko azaroaren 28a

2013ko aurrekontuaren proposamena aurkeztu zuen atzo Foru Aldundiak Bergaran. Larraitz Ugarte bozeramaileak esan zuen aurrekontuak onak direla eta egungo egoera ekonomikoari aurre egiteko pentsatuak daudela; esaterako, aurrekontuen %48,10a gizarte politika indartzera bideratuko dute. 25 lagun inguru izan ziren aurrekontuen gaineko berbaldian eta amaieran euren galderak egiteko aukera ere izan zuten herritarrek.

Herritarrekin ekimenaren barruan, herririk herri batzarrak egiten dihardu Gipuzkoako Diputazioak. Atzo Bergarako Zabalotegi aretoan izan ziren Larraitz Ugarte bozeramailea eta Iñaki Errazkin Ingurumen diputatua herritarrekin 2012ko balantzea zein den konpartitzen eta 2013ko aurrekontuaren berri ematen.

Larraitz Ugartek azaldu zuen 2012a urte oparoa izan dela. Gaineratu zuen egin dituzten lorpen nagusienak hauek direla, besteak beste: politika sozialetako laguntzak mantendu ahal izan dituztela, Madriletik etorritako murrizketei aurre egin ahal izan dietela eta adibidez dependentzia legean aplikatu diren murrizketak ez direla Gipuzkoan aplikatuko, erreforma fiskala ere nabarmendu zuen Ugartek –hau da, gehiago dutenek gehiago ordaintzearen alde egin dituzten hainbat erreformek bere emaitzak ekarri dituztela esan zuen eta horren emaitza dela datorren urteko aurrekontua ez dela asko murriztuko-, garraio publikoari dagokionez txartel bakarra martxan jarriko dela ere aipatu zuen edota gipuzkoarrek autopistetan hilero 25 euro baino gehiago ez ordaintzeko neurria ere laster jarriko dutela martxan ere nabarmendu zuen.

2013ko aurrekontu "ona"

2012an lortutako balantze positiboaren ondotik, 2013ko aurrekontua ere aurkeztu zuten atzo Bergaran. Aurreikuspen nahiko onarekin egindako aurrekontua da, gainera, Ugarteren hitzetan. Egin dutena izan da beharrezkoak ez ziren hainbat gastu murriztu, eta horrek ahalbidetu die gizarte politika indartzea. Horixe baita 2013rako Foru Aldundiaren helburu garrantzitsuenetariko bat, gizarte politika indartzea, eta horretarako, aurrekontuaren %48,10a politika sozialera bideratuko dute.

Datorren urtean garrantzia emango diote baita ere Deskargako obrari eta 2015erako lan horiek amaitzeko konpromisoa dutela azaldu zuen Ugartek.

Ugartek esan zuen oso aurrekontu onak direla eta uste duela egungo egoera ekonomikoari aurre egiteko pentsatuak daudela.

Gaineratu zuen horren froga dela gainontzeko alderdiek ere nahiko jarrera irekia aurkeztu dutela, izan ere, dagoeneko egin dute alderdiekin lehenengo erronda eta horietakoren baten laguntza beharko dute aurrekontu horiek aurrera eramateko.

25 lagun berbaldian

Zabalotegin 25 lagun inguru elkartu ziren, tartean Bergarako eta Arrasateko udal ordezkariak eta Arrasateko alkatea izan ziren, baita Angiozarko pertsona ugari ere, besteak beste. Aurkezpenaren ostean euren galderak egin ahal izan zituzten herritarrek, eta adibidez gizonezko batek azaldu zuen Angiozarreraino joateko garraio publikoa sustatu beharko litzatekeela. Ugartek erantzun zion eskaera eta eskaintzaren araberakoa izan behar dela garraio publikoa bestela egoera ez dela jasangarria eta Iñaki Errazkin Ingurumen diputatuaren proposamena izan zen kontu horiek kudeatzeko Udalera jotzeko eurek harreman zuzena dutelako Udalekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak