Gaztetasun giroa iritsi da Bergarako komentura

Arritxu Barruso 2012ko aza. 30a, 11:57

Bergarako Trinitate monasterioak bizilagun berriak ditu. Moja klaratarrak urriaren amaieran utzi zuten komentua eta ordena berria etorri da: San Juan eta Santo Domingoren ahizpak. Orain sortzen ari den ordena da. Hain justu ere, 2012an Kordoban sortu zen eta kontenplazioko bizitza egiten dute. 150 ahizpek osatzen dute komunitatea eta besteak beste, Mexikon, Filipinetan, Kamerunen, AEBetan edo Brasilen dituzte komentuak. Bada, orain Bergaran daukate kokaleku berria.

Oso gazteak dira gehienak. Bergarara etorri diren 19 ahizpak, esaterako, 20-25 urte dituzte. Luzia ahizpa da arduraduna eta haren esanetan erdiak nobiziak dira eta beste erdiak profesak, hau da, betirako botoa eman dutenak. Trinitate monasterioa nobizien formazio zentroa izango da.

Hamaika herrialde

Italia, Frantzia, Austria, Finlandia, Alemania, Errumania, Kroazia, AEBak, Ingalaterra... Hamaika herrialdetatik etorritako gazteak dira. Frantsesa da komunitatearen hizkuntza nagusia, beraz, frantsesez hitz egiten duten euren artean. Espainola ikasten ari dira orain gehienak.

Karidadetik bizi dira

Pozik daude Bergaran lehenengo aldiz monasterio batean bizitzeko aukera daukatelako: "Orain arte gure beharretarako egokitutako etxebizitza arruntetan bizi izan gara eta guretako monasterio bat izatea ikaragarria da".

San Juan eta Santo Domingoko ahizpek "bizitza orekatua" daramate eta "errezoa, ikasketak eta eskulanak" dira bizitzaren hiru ardatzak. Pobreziaren aldeko botoa eginda dutenez eskean ibiltzen dira: "Badakigu Bergaran herritarrak arduratuta daudela; eskean ikusten gaituztenez uste dute ez dugula jaten. Esan nahi diegu lasai egoteko. Gure erabakia da karitatetik bizitzea".

04:30ean esnatzen dira eta errezo eta meza artean ematen dituzte goizeko lehen orduak. 09:45etik 12:45era gero ikasi egiten dute eta arratsaldea berriz, eskulanak egiten edo bestelako lanak egiten ematen dute.

Ahizpa kirolariak

Mojen gaztetasuna ez da bergararren atentzioa eman duen gauza bakarra. Oso ohikoa da mojak abitua jantzita Bergaran barrena antxintxika egiten ikustea. Irudia, noski, oso deigarria eta ez ohikoa da. Mojak eurak ere kontziente dira horretaz: "Jendeari atentzioa ematen dio gu korrika ikusteak. Burua landu behar da baina gorputza ere bai eta horixe da egiten duguna".

Domekan, hilak 2, Santa Marina parrokian 12:0etako mezan egingo diete aurkezpen ofiziala eta azaldu digute "eguna iristeko irrikan" daudela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak