Gabon hauetan Bergarako musika eskolak ‘Peter Pan’ musikal magikoa aurkeztuko du; musikal familiarra eta erraldoia izango da aurtengoa ere.
Bi ekitaldiz osatuko da Bergaran egingo duten ikuskizuna, bien tartean atsedena izango da eta guztira 16 kantu abestuta, bi orduko iraupena izango du emanaldiak.
Orokorrean istorioaren gaia Peter Pan mutikoaren hazkundean oinarrituko da horri bizia emango dio Aitor Garitano 12 urteko bergararrak. Wendyren papera, berriz, Miren Gutierrezek egingo du.
Atrezzo guztiarekin lehenengo entsegua datorren domekan egingo dute, eta ondoren, Bergarako pilotalekua antzoki bihurtuko dute. Antolatzaileek aurreratu digute gainera, protagonistak hegan nola egiten duten ere ikusi ahal izango dugula aurtengo musikalean.
Bergarar ugari proiektuan inplikatuta
Eszenatokian guztira 100 lagun inguru izango dira, baina beste 100 kide inguru ere proiektuan inplikatuta daude. Leire Iruin kultura zinegotziak esan du ikuskizunak balio erantsia daukala herrigintzan musika eskolak egiten duen lanarengatik.
Ikuskizun egunak eta sarrerak
‘Peter Pan’ musikal magikoaren bi saio eskainiko dituzte Bergarako pilotalekuan abenduaren 29 eta 30ean arratsaldeko 19:00etan. 800 sarrera egongo dira salgai saio bakoitzerako 15 eta 12 euroko prezioan eta horiek datorren astelehenetik aurrera jarriko dituzte salgai kultura etxean, Pikupe produkzioen egoitzan, Lazkanon eta Internet bidez helbide honetan.