Bergaran aurkeztuko du gaur Foru Aldundiak 2013ko aurrekontua

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko azaroaren 27a

Gaur aurkeztuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak datorren urteko foru aurrekontua. Herritarrekin ekimenaren barruan, herririk herri batzarrak egiten dihardu Gipuzkoako Diputazioak eta gaur Bergarako Zabalotegi aretoan konpartituko ditu herritarrekin datorren urterako asmoak. 19:00etan izango da.

Batetik, 2012an egindakoaren balorazioa egingo du Martin Garitano diputatu nagusiak eta, bestetik, datorren urtera begira prestatu dituzten kontuen berri emango du. Garitanok, beste alderdiren baten laguntza izan beharko du kontuak onartzeko; izan ere, Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen ordezkaritza ez da nahikoa, ez dauka erabateko gehiengoa.

Iaz EAJren babesa

Iaz, EAJrekin lortu zuen akordioa Bilduk eta Gabonen atarian onartutako 2012ko Foru aurrekontuak aurrera ateratzeko orduan, abstenitu egin ziren jeltzaleak. Dena den, akordioko puntu bat, hiri hondakinei dagokiena, ez betetzea leporatu dio EAJk Garitanoren gobernuari eta hilabeteak pasa ahala, garraztu egin dira bien arteko harremanak, EAJk, sozialista eta popularrekin batera, Juan Karlos Alduntzin Ingurumen Diputatuaren kontrako zentsura mozioa aurkeztu eta onartzeraino, berau kargutik kenduz.

Sozialistekin?

Hedabideetan zabaldu da egunotan, Bildu sozialistengana hurbildu dela aurrekontuak onartzeko. Bi aldeek zerga politiketan lortu dute adostasuna. Ikusi beharko 2013ko aurrekontuak onartzerakoan ere ados jartzeko gauza diren.

10 batzar

Kontuak kontu, diogun moduan, Foru gobernuak bere asmoak herritarrekin konpartitzeko batzarrak egiten dihardu Gipuzkoan barrena eta gaur Bergaran egingo dute. Hamar batzar egingo dira, lurraldeko beste hainbeste herritan. Errenterian hasi zuten erronda, azaroaren 14an eta Hernanin amaituko dute, abenduaren 4an. Gaurko Bergarakoa izango da gure eskualdean egingo duten bakarra.

Herririk herriko errondarekin hasi aurretik, 2013ko aurrekontu proiektua hil honen 12an aurkeztuko zuten Batzar Nagusietan ahaldun nagusiak, Martin Garitanok; Ogasun diputatuak, Helena Francok; eta Jesus Mari Agirrezabalak Finantza eta Aurrekontuetako zuzendariak. Lohitzune Txarola Batzar Nagusietako lehendakariari aurkeztu zioten aurrekontua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak