Maite Guridi: "Bergaran gobernatzeko eta egiteko beste erabat izan zen gure erronka nagusiena"

Maider Arregi 2012ko azaroaren 27a

Maite Guridi begararrak bi batzorde aurrera eramateko ardura izan zuen 2007-2011 agintaldian: Euskara eta Baserri eta auzo zinegotzia izan zen. Ikastolako irakaslea da eta bi lanak batera egin zituen lau urtetan. Egun baina, politika gertutik jarraitzen duela eta Sorturen sorreran lanean diharduela kontatu digu.

Nola gogoratzen duzu Udalera sartu zinen eguna?

Erronka handi bat izan zen guretzako. Hauteskundeetan gehiengoa lortuta, gobernua sortu genuen Ilusio eta gogo handiz. Gainera lehen emakumezko alkate bergararra izango zen Agurne Barruso. Horrek ere, emakume zen aldetik, poztasuna eragin zuen. 

Herri batzuetan EAE-ANV ilegala zen, Bergaran ez ordea.

Aurreko agintaldian, 2003-2007an,legez-kanporatuak izan ginen. Eta gogorra izan zen. Gure eskaera izan da beti, dagokigun lekuan jartzea eta lortzea. Eta testu inguru hori bizita, iritsi ginen gobernura 2007an. Ilusio batze handia izan zen. 

Herrian ze sumatzen zenuten?

Boto gehien lortu izanak bazeukan herrian esanahi bat. Jendeak egiteko eta funtzionatzeko beste era bat nahi zuen. Hori izan zen gure legegintzaldiaren erronka. Bergaran egiteko eta gobernatzeko beste era bat gauzatzea, hain justu. 

Nolako agintaldia izan zen?

Emankorra. Programa osotasunean bete genuen. Kanpainan zerrendatutako betebeharrak betetzen saiatu ginen bukaeraraino. Lau urteko lana, horretan buru-belarri aritu ginen.

Euskarari dagokionez ze lan egin zenuten?

Elkarteekin eta eragileekin sinatu zen euskararen erabileran pausoak emateko akordioa. Batzuk egin ziren eta beste batzuk pixkanaka betetzen dihardute. Eragile asko ziren-eta. Bestetik, nabarmendu behar da Bergara UEMAN sartu zela. Erronka bat izan zen. Horrek bete behar eta egin beharrak zekarrelako euskara mailan. Beste udal batzuekin elkartruke eta hartu-emaneko bideak egin ziren.

Errege seminarioaren eta Arrizuriagaren permuta adostu zenuten.Bide luzearen ondoren, egin genuen. Ez zen erraza izan; tartean EAJ diputazioan zegoen eta Bergaran EAE-ANV lege kanporatua Aralarrekin gobernatzen. Tirabira ugari izan ziren.  Baina lortu genuen permuta bideratuta izatea eta guretzako lorpen handia izan zen. 

Bide erdian iritsi zitzaizuen legez kanporatzea.

Bai. Gainera  tartean Arrasateko alkatea Ino Galparsoro kartzelaratu zuten eta momentu batean emate zuen beste batzuk ere barrura joan zitezkeela. Baina zorionez, bidea aldatu zen. Baina horrek izan zuen guretzako ondorioa bat ere: agintaldi bukaeran ezingo ginela berriro aurkeztu hauteskundeetara. Guretzako zigorra hori izan zen; Bergaran 300 bat lagun ezin izan gara berriro aurkeztu, Guretzako kito.

Aparkalekuaren arazoari irtenbidea eman nahi izan diozue.

Txandakako TAO sistema jarri genuen. Proposamena egin zen, eta ikusi genuen beste herri batzuetan funtzionatzen zuela eta hemen ere izan zitekeela. 

Ibargarai kalean ere biribil, isleta moduko bat egin genuen arazoari irtenbidea emateko. Orain, posible da aparkatzea enkarguak edo tramite bat egiteko. Funtzionatzen duela esango nuke. 

Egun politika jarraitzen duzu?

Bai. Betidanik izan naiz Ezker Abertzaleko militantea. Une honetan sortuko sorreraren inguruan nabil lanean. EBPN plana lantzen ere banabil eta feriaren bat tokatzen bada ere laguntzeko prest izaten naiz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak