Hamaika familiak hartuko dute parte proiektu horretan eta dagoeneko zehaztuta dago konpostagailua ipintzeko lursaila ere. Bidegorriaren aldamenean egongo da eta Udala dagoeneko hasi da lurra mugitu eta lehenengo egokitzapenak egiten. Aurrerago informazio panela ere ipiniko dute bertatik igarotzen diren herritarrak funtzionamenduaren berri izan dezaten.
Kalitatezko konposta egin ahal izateko Labegaraietako bizilagunek ikastaroa jasoko dute lehenengo. Hain justu ere, pasa den egubakoitzean izan zuten ikastaroa.
Komunitarioa izanda konpostagailu bat baino gehiago ipiniko dituzte, tamaina desberdinetakoak; batetik, hondakin kopurua handia izango delako eta bestetik hondakinak konpostagailu txikietatik handietara pasatu beharko dituztelako noizean behin. Giltzaz itxita egongo dira.
Lehenengo baina ez azkena
Labegaraietako esperientzia pilotua izango da, baina Udalaren asmoa da herriko beste zenbait gunetan ere konpostagailu komunitarioak ipintzea: "Uste dugu ondo funtzionatu dezakeela eta aurreikusten dugu herriko beste zenbait gunetan ere martxan ipintzea", adierazi du Ingurumen zinegotziak.