Gureak Taldeak kudeatuko du Agorrosingo kirol guneko taberna

Arritxu Barruso 2012ko azaroaren 26a

Irailean itxi zituen ateak Agorrosingo tabernak eta jabe berria aukeratzeko Udalak bigarren lehiaketa bat egin behar izan zuen arren, azkenean ere adjudikatu da tabernaren zerbitzua. Hain justu ere, Gureak Taldearen Ostalaritza enpresa arduratuko da Agorrosingo taberna kudeatzeaz hurrengo bost urteetan.

Gureak Ostalaritza enpresako ordezkariak bihar, martitzena, elkartuko dira Udaleko ordezkariekin hitzarmena sinatu eta zenbait puntu adostu eta zehazteko.

Ostalaritza enpresako arduradun Tomas Urtzelaik adierazi du asmoa dela urtarrilerako taberna zabalik egotea: "Hasierako asmoa zen Gabonetarako irekitzea, baina uste dugu egokitzapenak egin eta langileak kontratatzeak denbora apur bat emango duela. Beraz, lasaiago, Gabonak pasatu ostean irekiko dugu".

Bazkari eta afariak ere bai

Taberna batek eskaintzen dituen ohiko zerbitzuez gain bazkariak eta afariak ere eskainiko dituzte. Ogitartekoez gain, bederatzi euroko menua emango dute eguerdian astelehenetik egubakoitzera. Asteburuan plater konbinatuak ere jan ahal izango dira eta umeendako menu bereziak ere prestatuko dituzte. Astegunetan 22:00ak arte egongo da zabalik eta aste bukaeran berriz 24:00ak arte.

Tailerreko langileei eskaintza

Gureaken asmoa da tabernan lan egingo duten pertsonak Bergarakoak edo ingurukoak izatea. Hori horrela Gureakek Bergaran daukan tailerreko langileei egingo diete Agorrosinen lan egiteko eskaintza. Sei lagunek jardungo dute tabernan lanean, baina Gureakek oraindik ez du hasi aukeraketa prozesua.

Agorrosingo taberna izango da Gureak Ostalaritzak Debagoienean eskainiko duen bigarren ostalaritza zerbitzua. Arrasateko Garaia Berrikuntza Guneko jatetxea ere kudeatzen dute 2010eko apiriletik. Tomas Urtzelaik azaldu du gainera Debagoienean lanean jarraitu nahi dutela: "Garaiako jatetxea ireki genuenetik gure asmoa izan da Debagoienean beste puntu batzuk ere zabaltzea eta poliki-poliki helburu hori betetzea da asmoa".

Osintxuko gasolindegia ere Gureakek Gureak Gas enpresak kudeatzen du. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak