Euskararen Egunaren jiran hainbat ekintza antolatu dituzte Udalaren, Jardun euskara elkartearen eta herriko beste entitate batzuen artean eta herritarrak animatu nahi dituzte ekintza horietan parte hartzera.
Abenduaren 1ean, zapatua, eta Euskararen Egunean bertan, abenduaren 3an, egingo dira ekintzok. Abenduaren 1ean, 11:30ean, hitz gurutzatuen binakako lehiaketa jokatuko da Munibe eta San Martin plazetan eta Bergaran bizi edo ikasten ari diren guztiek. Bi kategoria egongo dira, gazteena eta nagusiena, eta izena emateko eguna azaroaren 28a da. Lehiaketak bi aldi izango ditu , 11:30etik 12:15era sailkapena jokatuko da eta 13:00etatik 13:45era, berriz, finala.
Sariei dagokienez, Bedelkar merkatarien elkarteko dendetan erosteko bonoak izango dira eta kategoria bakoitzeko lehenengo lau sailkatuek jasoko dute. Bestetik, parte-hartzaileen artean zenbait kultura produktu ere zozketatuko dira.
Oinarriak, informazio zehatzagoa eta izena emateko orria hemen eskura daitezke: http://www.bergarakoeuskara.net/euskararen-eguna-hitz-gurutzatuak.
Arratsaldean jolasak egongo dira San Martin plazan. 17:00etan hasita, lehenagoko eta oraingo jolasetan jarduteko aukera egongo da: toka, tortolosak, zapi-jokoa, aulki-jokoak, kanikak, papiroflexia... ordenagailuko eta mugikorretako jokoak... Eta amaieran txokolatada egongo da denendako.
Egunari amaiera emateko, 19:00etan Kantu-jira egongo da San Martin plazatik abiatuta, herriko kaleetan barrena.
Euskararen egunean gehiago
Abenduaren 3an, astelehena, hizkuntza-normalkuntzako bi esperientziaren aurkezpena egongo da, 19:00etan Batetik, Eskua proiektua – Errespetua Sustatzeko Kirola Ulertuz Aretxabaletan – aurkeztuko du proiektuaren bultzatzaileetako batek, Igor Arenaza Aretxabaleta futbol taldeko kirol zuzendariak. Bestetik, Bergarako Udaleko teknikariek, Agorrosineko ikastaroen hizkuntza kudeaketaren berri emango dute.
Manifestazioa eta zapia
Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Euskaraz bizi nahi dugu manifestazioa antolatu du abenduaren 1erako, euskaraz bizitzeko nahia adierazteko eta eskubide hori errespetatzea eskatzeko.
Hori dela eta, Bergarako Udalak bat egin nahi du Kontseiluaren ekimen horrekin eta herritarrak animatu nahi ditu, alde batetik, azaroaren 26tik abenduaren 3ra bitartean lelo hori daraman zapia balkoietan jartzera; bestetik, manifestazioan bertan parte hartzera; eta, azkenik, www.euskarazbizinahidut.org webgunean aldarrikapenari atxikimendua ematera.
Euskaraz bizi nahi dut zapia Jardunek kultura etxean duen bulegoan eskura daitezke gaurtik, astelehena, 3 eurotan.