GPSaren erabilera eta web orri pertsonalen diseinua abenduko ikastaroen artean

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko azaroaren 26a

Joskintza eta paketegintza ikastaroak ere egongo dira. Bizikasik antolatu ditu, Udalaren laguntzarekin.

Oinarrizko joskintza ikastaroa, web orri pertsonal eta korporatiboen diseinua, GPSaren erabilera eta ordenagailua eta paketegintza ikastaroak antolatu ditu abendurako Bizikasik Udalaren laguntzarekin, eta dagoeneko izena emateko epea zabalik dago.

Oinarrizko joskintza ikastaroari dagokionez, 10 ordukoa izango da. Abenduaren 4an, 11n, 13an, 18an eta 20an izango dira saioak, 18:00etatik 20:00etara, euskaraz eta gazteleraz. Interesa duten herritarrek eman dezakete izena, 15 euro ordainduta. Plaza mugatuak direnez, plaza kopurua baino lagun gehiagok izena emanez gero, izena emandakoen artean zozketa egingo dute.

Web orrien diseinua

Web orri pertsonal eta korporatiboen diseinua ikastaroaren kasuan, bi saio izango dira, abenduaren 10ean eta 17an, 17:30etik 19:30era. Miguel Altuna institutuan izango dira eskolak, euskaraz eta gazteleraz. Ikastaroaren prezioa 10 eurokoa da eta interesa duten guztiek eman dezakete izena; ez da informatika maila alturik behar. Nahikoa da Internet-en oinarrizko ezagutzak izatea. 

Ikastaroaren antolatzaileen arabera, gaur egun Internet publizitatzeko bitarteko oso erabilia da, eta sarean irudi korporatibo egokia aurkezteak gero eta garrantzia handiagoa du. Horretatik, ez da nahikoa enpresaren izena eta eduki urriak soilik dituen web orria izatea; benetan, garrantzitsuak dira, besteak beste, diseinua eta orrialdearen dinamismoa, lehiakor izateko.

GPSa nola erabili

GPSaren erabilera eta ordenagailua delako ikastaroari dagokionez, abenduaren 10ean, 11n, 12an eta 13an izango dira eskolak, 18:30etik 20:30era, Miguel Altuna institutuan, euskaraz eta gazteleraz. Interesa duten herritar guztiek eman dezakete izena eta prezioa 20 euro dira.

Ikastaroa hiru zatitan banatuko da. Lehen zatian GPSa nondik datorren, nola funtzionatzen duen eta bere koordenada sistema azalduko dute. Atal laburra izango da, ordubetekoa, gehienez.

Bigarren zatian, berriz, GPSaren erabilera, GPS ereduak, kudeatzeko programak, offline aplikazioak, online aplikazioak eta web orriak nola erabiltzen diren azalduko dute. Oinarrizko lanak egingo dira: ibilbideak igo eta jaitsi, ibilbideak jarraitu, waypoint-ak erabili, ibilbide eta interesguneak markatu.

Nola egin paketeak?

Paketegintza ikastaroa ere antolatu dute abenduaren 12 eta 13rako. Bost orduko ikastaroa izango da, 18:00etatik 20:30era, euskaraz eta gazteleraz. Interesa duen edonork eman dezake izena eta prezioa 10 euro dira. Plaza mugatuak direnez, plaza kopurua baino pertsona gehiagok izena emanez gero, izena emandakoen artean zozketa egingo dute.

Ikastaro guztietarako izenematea Bizikasin egingo da, 943 76 93 94 telefono zenbakian edo info@bizikasi.com helbidera idatzita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak