Martin Garitano UNED-Bergara Fundazioaren Patronatuko presidenteak, Iñaki Esparza ikastetxeko zuzendariak, Jesus Mari Elortza alkateak, Francisco Etxeberria doktoreak eta Daniel Pelayo Unedeko errektore ordeak hartu zuten parte atzoko ekitaldian.
Memoria historikoa eta duintasuna
Udaletxeko areto nagusia bete egin zen. Garitanok ongietorria egin zien bertaratutakoei eta jarraian, kurtsoaren irekitze hitzaldiaren ordua izan zen, hain zuzen, Francisco Etxeberriaren eskutik. Lege eta Auzitegi Medikuntza irakaslea da Etxeberria EHUko Medikuntza Fakultatean, eta Hobiak ateratzen, duintasunak berreskuratzen gaia jorratu zuen Bergaran.
Ikasgai magistral arin, garbi eta interesgarria eman zuen, eta aretoak isiltasunean jarraitu zuen adituak kontatuak. Memoria historikoa izan zuen ardatz, hain zuzen, Gerra Zibiletik hasita, frankismotik pasa eta gaur egunera bitarteko ibilbideaz berba egin zuen. Hobi komunak hartu zituen ahotan, hauetan Aranzadi eta EHUk eginiko lanaz egin zuen berba, eta oro har, biktima guztiek hiru eskubide dituztela adierazi zuen: Egia, Justizia, eta Ordaintza.
Ekitaldi instituzionala eta diploma banaketa
UNEDeko gainerako ordezkariek unibertsitatearen ibilbideaz egin zuten berba, azken urteetan ikasle kopuruak gora egin duela eman zuten aditzera. Horren harira, Garitanok adierazi zuen krisi garaian hezkuntza ezinbestekoa dela etorkizuna eraikitzeko.
2011-2012ko ikasturteko ikasleei diplomak banatu zizkieten baita ere atzoko ekitaldian eta amaitzeko, Musika Eskolako ikasleek biolinez zenbait kanta interpretatu zituzten, tartean Coldplay taldearen bat.